NAIZ

Donostiako Protokoloa Europako Parlamentuan aurkeztu du Kontseiluak

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Europako Parlamentuko Intergrupoan aurkeztu du Donostiako Protokoloa eta Europako Kontseiluko zenbait arduradunekin bildu da Estrasburgon.

Kontseiluak Estrasburgon aurkeztu du Donostiako Protokoloa. (KONTSEILUA)
Kontseiluak Estrasburgon aurkeztu du Donostiako Protokoloa. (KONTSEILUA)

«Abenduaren 17an, Donostian, zerbait garrantzitsua lortu genuela esan genuen, etorkizunari begira, hogeita hamar hizkuntza-komunitate baino gehiagoko ehundik gora eragilek, Europa beste oinarri batean eraikitzeko tresna adostu genuela esan genuen, eta orain uzta hori Europako instituzioetara ekarri nahi izan dugu», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko zuzendariak.

Bilbaok Intergroup for Traditional Minorities, National Communities and Languages delako taldean aurkeztu du Donostiako Protokoloa. «Egia da, bai, Europako Batasunak ez duela inolako erabakirik hartu nahi Estatuei hizkuntza-politika demokratikoak abiarazi ditzaten, baina Europako Batasuneko Itunak edota Oinarrizko Eskubideen Gutunak jasotzen dituen printzipioak Europa osoan betetzeko oso erabilgarria da Protokoloa», gehitu du.

Europako Parlamentarioei gogora ekarri die 2013ko irailean arriskuan dauden hizkuntzen eta hizkuntza aniztasunaren inguruko ebazpena onartu zutela. «Protokoloa aipatu ebazpenak jasotzen zituen betebeharrak betetzeko oso lagungarria izango dela esan diegu Parlamentarioei».

Bidaia probestuz, Paul Bilbao Europako Kontseiluko hainbat arduradunekin bildu da. «Etorkizunari begira Protokoloa Euroituna betetzeari begira tresna osagarria izan daitekeela ondorioztatu dugu Itun horretako arduradunarekin. Are gehiago, bat egin dugu gizarte eragileon proposamenak oso eragingarriak izan daitezkeela Europatik egiten diren gomendioak osatzeko. Horrexegatik, Europako Kontseiluaren eta gizarte eragileen arteko zubi sendoak eraiki beharra ondorioztatu dugu» azaldu du Bilbaok.