NAIZ
DONOSTIA

Atxikimendu ugari bildu ditu erraustegiaren aurkako manifestaziorako deiak

‘Alternatiba dagoelako, erraustegirik ez’ lelopean manifestazioa egingo dute datorren larunbatean, hilak 25, Donostian. Gaur eginiko agerraldi batean, eragile eta norbanako ugarik hitzorduari adierazitako babesaren berri eman dute.

Erraustegiaren aurkako mugimenduak agerraldia egin du Anoetako estadioaren kanpoaldean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Erraustegiaren aurkako mugimenduak agerraldia egin du Anoetako estadioaren kanpoaldean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Errausketaren aurkako mugimenduak agerraldi jendetsua egin du Anoetako estadioaren kanpoaldean heldu den larunbatean Donostian egingo den manifestaziorako deia egiteko.

Azaldu dutenez, arlo desberdinetako 75 eragile baino gehiago dira jada hitzorduarekin bat egin dutenak, haien artean EH Bildu, Ahal Dugu, Equo eta Ezker Anitza alderdiak; ELA, LAB, ESK, Steeilas, CNT, CCOO eta CGT sindikatuak. Atxikimendua ere adierazi dute, esaterako, EHNE, AHTrik ez, Ernai antolakundea, Greenpeace, Komite Internazionalistek.

Hamarka norbanakok ere babesa adierazi diote manifestazioari.

«Gipuzkoan demostratzen ari gara, aspalditik eta egunero, ez dugula hondakinak erre beharrik tratatzeko», nabarmendu dute, eta azpimarratu nahi izan dutenez, «demostratu dugu gai garela, bilketa on bat eginda, hondakinen parte oso handi bat aprebetxatu eta errefus kiloak jaisteko, eta erretzea ez den beste alternatiba bat emateko azken errefusari». 

Bide horretan, udalerri batzuek hartutako bideari beste guztiek ere jarraitzea «nahitaezkoa» dela esan dute, administrazioei «laguntzea» dagokiela gaineratuz.

«Errausketak badauka alternatiba, demostratua dago alternatibak balio duela eta Gipuzkoan erraustegirik gabe ondo kudeatu ditzakegula gure hondakinak».

Horregatik guztiagatik espero dute hilaren 25ekoa manifestazio «handia» izatea. «Egin kasu herritarrek eskatzen dizuegunari», esan die erraustegiaren aurkako mugimenduak Gipuzkoako Aldundiko ordezkariei.