Ariane KAMIO
DONOSTIA

Mugaren kontzeptua birpentsatuko duen proiektua

Abian da Maite Garbayo nafarrak zuzendutako «Mugak» proiektua, Tabakalerak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak deitutako 2017ko arte-ikerketarako egonaldien esparruan sortua. Mugen kontzeptua birpentsatuko du praktika artistikoen bitartez.

“Mugak” Maite Garbayok zuzendutako proiektu bat da, Tabakalerak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak deitutako 2017ko arte-ikerketatako egonaldien baitakoa; egonaldi horien helburua herritarrak egungo praktika artistikoekin integratzen dituzten proiektuetan ikerketa prozesuei laguntzea da.

Programa publikoa 2017an zehar egingo da, eta horretarako, Garbayok hainbat egonaldi egingo ditu Tabakaleran. Lehenengoa apirilaren lehen hamabostaldian egiten ari da. Gero, udako hilabeteetan itzuliko da, baita neguan ere.

2017an zehar, Garbayok “Mugak” egitasmoarekin mugen kontzeptua birpentsatu nahi du. Horretarako, praktika artistikoak, idazketa praktikak eta mugako testuinguruen (batez ere Euskal Herriko testuinguruan, baina ez hori bakarrik) herri kultura bisualeko zenbait agerpen erabiliko ditu. «Mugen pentsamenduaren ideiak proiektua gurutzatzen du. Nire abiapuntua da gutxitan egin dugula gogoeta mugen inguruan. Zentzu geopolitikoan, fisikoan, egin da, baina kontzeptualki ere aztertu behar da», aipatu zuen atzo artistak Tabakaleran egindako aurkezpenean.

Proiektuak mugaren kontzeptura eta Euskal Herriko mugaren errealitatera hurbiltzea proposatzen du «muga-pentsamendu» baten bidez. «Hiru polifonia ditugu, hiru hizkuntza muga baten baitan, eta muga-pentsamendu horrek, era berean, jario identitario bat ere markatzen du».

Proiektuak muga bere izaera geopolitikoaz harago ulertzea proposatzen du. Muga lurralde, identitate eta diziplinarekin lotutako esentzialismoei eta hierarkiei aurre egiten dien leku disidentetzat ulertuta. Muga arrailtzat edo zubitzat ulertuta, gure testuinguru hurbilean «euskal esparrua» markatzen, gurutzatzen eta gainditzen duena, eta «identitate» edo «espazioaren» nozio posibleei buruz hausnartzea ahalbidetzen duena. Muga bere polifoniaren bidez eta herritarren presentziaren bidez pentsatzea, ez aurkakotasunetik, baizik eta, izatekotan, itzulpenaren bidez.

Sortzaile nafarra Mexikon bizi da azken denboran eta Atlantikoaren bestaldeko herrialdeari ere egin dio erreferentzia. «Mugen ideia hau asko eztabaidatu da han eta gaiari buruz idatzi duten emakume idazle feminista ugari hartu ditut oinarri proiektuan». Eta gaineratu du: &indentHere;«Muga zubi gisa interpretatu nahi dut, zentzu identitariotik harago doana.

Garbayok mugaren kontzeptuari ekiteko hiru moduren bidez garatuko du ikerketa. Elkarrekin erlazionatutako hiru lan ildo izango dira: “Identitatea pentsatzeko muga epistemologiak”, “Muga vs Frontera: herri-kultura eta performatibitatea” eta “Praktika artistikoak mugan/mugatik/mugari buruz”.

Egitasmoko lehenengo ekintza gaur izango da, 19.00etan, Tabakalerako Sortzaileen Guneko lantegian. Bertan, Amaia Molinet artistak mugaren nozioa oinarrizko ardatz duten hiru proiektu aurkeztuko ditu. Nolanahi ere, urtarriletik ari da Garbayo ikerketa lanak egiten, gehienbat bildumatze bibliografikoak, irakurketak eta elkarrizketak. «Nafarroan izan naiz, eta askotariko jendea elkarrizketatu dut, mugatik gertu lan egiten duen bat edo Itxaro Borda idazlea bera. Denetarik dago, ez soilik jende akademikoa edo arte mundukoa», zehaztu du.

“Mugak” egitasmoak bi hilabetetik behin artisten esku hartzeak izango ditu. Amaia Molinetez gain, Taxio Ardanazek ekainaren 17an egitasmoan parte hartuko du. Irailean, Danele Sarriugartek mugetako itzulpenaz hitz egingo du, eta urte amaierara bitarte beste hainbat ekitaldi egingo dira, jardunaldiak eta txangoak, adibidez.