@gara_miantzi
Ordizia

Artzaina omendu dute Ordizian berari eskainitako egunean

Idiazabal gazta berriaren zapore fina eta osagai aunitz ditu Ordiziako Artzain Egunak. 2.000 arditik goiti pasatu dira Alde Zaharretik, garai bateko ohitura oroituz, baina orduan baino ikusmin handiagoarekin. Errape erakusketa izan da, ile mozte ekitaldia, burduntzian erretako bildotsak... Baina egiazko protagonista, eta omendua, artzaina izan da.

Joare soinua ozen aditzen da Ordiziaren bihotzean. Jendetza bildu da artaldeak pasatzen ikusteko. Laster batean –batzuk saltoak eginez– igarotzen diren ardiok artzainak dituzte gidari, eurei eskainitako eguneko omenduak, hain zuzen.

Kanpoan jendetza –asteazkeneko merkatuan eta ahari eta ardien erakusketa-lehiaketan kuxkuxeatzen, artzainaren omenezko eskultura berriari argazkia ateratzen...–, eta barrenean ere bai. Udaletxeko ekitaldi aretoan ez da inor gehiago kabitzen. Argazkilari eta kazetariak hamaika, eta gonbidatuak oraindik gehiago, tartean Luis Irizar duela 40 urte euskal sukaldaritza berriaren sortzaileetakoa izan zena eta gaur denboraldiko lehendabiziko Idiazabal gazta mozteko ohorea izan duena.

Han izan da Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria, eguneko bertze omenduetako bat. Jose Mari Ustarroz Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakariak makila eman dio Europar Batzordearen Eden saria jaso eta Goierri Europan barna ezagutarazten ari den ormaiztegiarrari.

Instituzioetako ordezkari ugari egon da eta denak Lazkao Txikiren bertso honen ildotik mintzatu dira: «Gehiago maite behar ginuzke ardiak eta artzaiak».

Bi gaztandegiri erregulartasun saria eman diete, Olaberriako Santi Etxezarretaren familiako gaztandegiari eta Sunbillako Luis Vicente Larrarte Lizun gaztandegiko artzainari. Honen seme Arkaitzek, familiako zuhaitz berriak, jaso du plaka.

Trenak, garabiak... eta bizipenak ere bai

Trenak eta garabiak esportatzen ohituta dagoen eskualdeak gaztarekin lotuta bizipenak eta esperientziak ere zabaltzen dituela nabarmendu du Osinaldek. Irizarrek, aldiz, 87 urterekin, beren herriaz gozatzea opa die ordiziarrei. «Oso fina» erran du Idiazabal gazta berria dastatzen lehena izan denak. Ondotik probatu dute hainbat sukaldarik, bertzeak bertze latinez bedeinkapen modura, jendea irri algaraka jarriz, hitz batzuk egin dituen Karlos Argiñanok.

Jose Mari Ustarrozek NAIZi jakinarazi dionez, joan den denboraldian aitzinekoan baino %9 baino gehiago egin zuen gora gaztak. Ez soilik kantitatean, kalitatean ere goiti doala dio eta aurten ere norabide horretan doala ikusten du. «Artalde bakoitza familia batena da. Gaztandegi bat, baserri bat, mendiko herri bat. Museoak egitea oso ondo dago, baina herri museorik ez. Herriak bizirik behar ditugu eta, gainera, museoa egin» aldarrikatu du.