GARA
DONOSTIA

50 herrik erabakitzeko eskubidearen bidean aurrera egingo dute igandean

Debabarrena, Durangaldea, Lea-Artibai, Uribe Butroe, Uribe Kosta eta Urola Kosta eskualdeek eta Zeanuri, Zubieta, Lasarte-Oria, Usurbil, Legutio, Urkabustaiz eta Orozko herriek antolatuko dituzte galdeketak. Orain arte egindako galdeketen olatu handiena izango da.

Igandean, erabakitzeko eskubideak beste olatu bat ekarriko du Euskal Herrira. Horren baitan, 50 herri eta auzok egingo dituzte galdeketak aurretik beste batzuek egin duten bezala. Pixkanaka lurralde osoan zabaltzen ari den sentimendu bat da etorkizuna erabakitzeko nahia.

Hala, hurrengo igande honetan Debabarrenak –Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Soraluze–, Durangaldeak –Abadiño, Durango, Elorrio, Zornotza–, Lasarte-Oriak, Usurbilek, Lea-Artibaik –Aulesti, Amoroto, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar–, Legutiok, Urkabustaizek, Orozkok, Uribe-Butroek –Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia–, Uribe Kostak –Barrika, Berango, Fruiz, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz–, Urola Kostak –Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia– Zeanurik eta Zubietak hartuko dute hitza.

Herritarrak mugitzen

Giroa berotzen hasiak dira herriak. Larunbatean, esaterako, Uribe Kostako udalerrietako ordezkariek agerraldia egin zuten galdeketari babesa emateko eta herritarrei parte hartzeko deialdia luzatzeko.

«Herritarren ordezkari politikoak gara eta Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, gure arbasoek hasitako pentsamendu eta izaera anitzaren bideari jarraituz eta Gure Esku Dago ekimenak emandako pausoak txalotuz», aipatu zuten.

Era berean, adostasunaren kultura sustatzearen alde egin zuten «eztabaida ireki eta parte hartzaileak sustatuz, etorkizun politikoaren inguruko ikuspuntu desberdinetan oinarritutako argudioak zabalduz eta herritarrak ahaldunduz». Kanpainarekin jarraituz, igandean auto karabana egin zuten Barrika, Sopela eta Urdulizen zehar. Autoen martxa ostegunean errepikatuko dute eskualdean guztiek jakin dezaten igandean hautetsontziekin zita bat dutela, ezin direla etxean gelditu.

Arrazoi horri eutsiz, Elorriok aldizkari bat prestatu du etxez etxe banatu dutena. Bertan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bi arrazoi ematen dituzte. Lehenak burujabetzarekin dauka zerikusia eta bigarrenak demokraziarekin. «Munduan gero eta estatu gehiago dago: duela mende bat 50 inguru ziren, gaur egun 200dik gora dira. Europan ere, Bigarren Mundu Gerratik hona, bikoiztu egin da estatu kopurua. Ez dago legedian aitortuta aldebakarrez estatu bat sortzeko eskubiderik; baina komunitateei burujabetza onartzen zaie beren etorkizuna erabakitzeko, modu demokratikoan eta biolentziarik gabe egiten bada», diote GEDek prestatutako argitalpenean.

Bigarren arrazoiari dagokionez, erabakitzeko eskubideak berak demokrazia aberasten duela da. «Herritarroi aitortzen zaigu gure iritzia emateko eskubidea garrantzizko gaietan, hauteskundeetara mugatu gabe. Honekin lortzen da gobernantza publikoa parte hartzailea izatea, zuzena eta gardena».

Herritarrei parte hartzeko deialdi zuzen batekin amaitzen da Elorrioko testua: «Zure arrazoia bat izan ala bestea –edo biak batera– zatoz maiatzaren 7an botoa ematera». Aldizkaria kronologia batekin, herritarren testigantzekin eta behatzaileen argazki zein aurkezpenekin osatu dute.