NAIZ

Bizkargiko borrokaldien 80. urteurrena gogoratuko dute igandean

Gernikako bonbardaketaren eta Bizkargiko borrokaldien 80. urteurrena dela eta, programazio berezia antolatu dute aurten igande honetan. 1988ra arte egin zen moduan, Zornotzan ere ekitaldiak antolatu dituzte, Bizkargitik jatsi ostean. Bide batez, Zornotzan Gure Esku Dago elkarteak prestatu duen galdeketan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

Bizkargi mendian aurreko urte batean egindako ekitaldia. (NAIZ).
Bizkargi mendian aurreko urte batean egindako ekitaldia. (NAIZ).

«Bizkargi mendi historikoa da, gure historiaren pasarte asko bertan gertatu baitira. Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontor horretan eusko gudariek tropa frankistei aurre egin zieten 1937. urtean. Fusil-hotsak, bonbardaketak, heriotza eta sufrimendua izan ziren orduan. Frankismo garaian, berriz, askatasuna aldarrikatzeko ikur bilakatu zen Bizkargi, hildako eusko gudariak oroituz, debekatuta zegoen ikurrina ahalik eta goren jarrita, festa giroan murgilduta», azaldu du Bizkargi Gogoratuz Elkartea.

«Gaur egun, oroimena, justizia eta egia aldarrikatzeko topagune bilakatu da Bizkargi Eguna. Frankismo aurretik nahiz Frankismo ostetik gertatu dena gogoratzeko, bizia galdu zuten eusko gudariak gogoratzeko, justizia eta egia aldarrikatzeko. Berriro ere sufrimendua ez errepikatzeko», gaineratu dute antolatzaileek.

«Horrenbestez, eta Gernikako bonbardaketaren eta Bizkargiko borrokaldien 80. urteurrena dela aintzat hartuta, programazio berezia antolatu du aurtengoan Bizkargi Gogoratuz Elkarteak eta, 1988ra arte egiten zen moduan, Zornotzan ere ekintzak antolatu ditugu, Bizkargitik jaitsi ostean, arratsaldean, oroitzapen eguna denok elkarrekin jai-giroan amaitzeko», adierazi dute.

«Iragan hurbilean pairatu ditugun gerrak, sarraskiak eta indarkeria ekintzak berriro inoiz ez gertatzeko, egia, justizia eta oroimena aldarrikatzen ditugun moduan, demokrazian sakontzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako herritarren borondatean oinarritutako gizartea eraiki behar dela uste dugu», esan dute.

Larrabetzun, arratsaldeko 18.30ean ekitaldi politikoa eta erromeria izango dira.