NAIZ
BILBO

Joseba Vizan ez estraditatzeko aldarrikatu dute Brasilgo kontsulatuaren aurrean

Joseba Vizan Brasilen preso dagoen iheslaria ez estraditatzeko aldarrikatu dute herrialde horretako kontsultatuaren aurrean, Bilbon, EH Bilduk deituta.

Joseba Vizan ez estraditatzeko eskatu dute Brasilgo kontsulatuaren aurrean. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Joseba Vizan ez estraditatzeko eskatu dute Brasilgo kontsulatuaren aurrean. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Joseba Vizan basauriarra apirilaren bukaeran atxilotu zuten Brasilen, asilo eskaera ukatu ostean. Bere aurkako estradizio prozedura abiatu zutela jakinarazi zioten eta espetxeratu egin zuten.

Rio de Janeiroko Ary Franco kartzelan dago iheslaria.

EH Bilduk deituta, Brasilgo kontsulatuaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean, basauriarra ez dezatela estraditatu aldarrikatzeko.

Julen Arzuaga legebiltzarkideak Brasilgo kontsularekin biltzeko aukera izan du eta euskal iheslaria ez estraditatzeko eskatu dio. Gogoratu duenez, Vizan 1991n erbesteratu behar izan zen «beste batzuek torturapean eginiko adierazpen batzuengatik» eta «torturatua eta atxilotua izateko» arriskuaren aurrean, lehenik Ipar Euskal Herrira eta ondoren Brasilera joan zen.

Ordutik bere egoera erregularizatzen saiatu dela esan du Arzuagak, «alaba, emazte eta bere lanarekin». 2013an atxilotu egin zuten dokumentazio faltsua izateagatik eta ezarritako zigorra bete zuen. Asilo politikoa eskatu eta aske geratu zen, kontrolpean, eta orain arte «ezarritako neurri guztiak bete ditu».

Arzuagak esan duenez, Mariano Rajoyk Brasilera egin duen bisitaren ondotik iritsi da Vizanen atxiloketa. ETAren armagabetzearen ondoren egon den lehen atxilotua izaki, «oso larritzat» jo du EH Bilduk Estatu espainiarrak egoera berri honi «errepresioarekin erantzutea, gizarteak bakea eskatzen duen bitartean».

Bestalde, Brasilgo Gobernuari Estatu espainiarraren estrategia eta «gurpil zoro horretan» ez erortzeko eta «bakearen, normalizazioaren aldeko agente bat» bilakatu dadila galdegin dio. Horrekin batera, euskal iheslaria aske uzteko eta bere bizitza normalizatzeko eta erregulatzeko baldintzak sor ditzala eskatu dio.