GARA
JERUSALEM

Israelgo indar armatuek palestinar bat hil dute kolonia baten inguruan

Azken hilabeteotan autoz edo arma zuriz egindako eraso ahaleginen kopuruak behera egin badu ere, Palestinako egoera negargarriak eragiten du herritar batzuek oraindik erabaki hori hartzea.

Israelgo Armadak eskainitako informazioaren arabera, palestinar erasotzailea bere ibilgailuarekin zenbait soldadu okupatzaile harrapatzen saiatu zen, bertatik irten eta arma zuri baten laguntzarekin ondoan zuen militar bati eraso egin aurretik. Jerusalem hiritik gertu dagoen Tekoako kolonia juduaren ondoan gertatu zen.

Armadak berak onartu du erasotzailea hil egin zutela, «berehalako mehatxuari erantzuteko». Hogei urteko soldadu israeldar bat erietxera eraman zuten, arin zaurituta.

Ekialde Hurbileko beste leku batzuetako egoerak Palestinako sufrimendua estali egin badu ere, eta gaia hedabide gehienetatik desagerrarazi, lurralde okupatuetako herritarrek arrazoi ugari dituzte oraindik haserre egoteko.

Gazako etxebizitzak

Egunotan hiru urte bete ditu Israelgo Armadak Gazako populazioaren aurka egin zuen eraso izugarriak. 2.251 palestinar hil zituzten okupatzaileek, horietako asko (551) adin txikikoak. Gainera, milaka etxebizitza suntsitu zituzten sionisten gerra hegazkinek eta tankeek eta geroztik Israelgo agintariek ahal duten guztia egin dute berreraikuntza oztopatzeko.

NRC Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluak argitaratu berri duen txosten baten arabera, 2014ko udako erasoaldi hartan 11.000 etxebizitza suntsitu zituzten okupatzaileek, eta horien heren bat baino ez dute berreraiki, okupazioak berak berreraikuntzari ezarri dizkion mugen eraginez.

«Kanpin-denda bat egin nuen eta bertan hiru urte egin ditugu dagoeneko. Gaza berriz eraiki zain nengoen, etxera itzultzeko. Baina oraindik dendan jarraitzen dugu. Bizirik segitzen dugu heriotza oraindik gure bila etorri ez delako. Guretzat hobe litzateke hiltzea, bestela arazoak baino ez ditugu ezagutuko-eta», esan zien NRC erakundekoei Thaer Al-Sheesh lau seme-alaben aitak.

«Gazako palestinarrek beren etxeak berreraiki ditzaten nahi dute. Zain jarraitzen dute horrenbeste denbora pasatu den arren. 6.300 familia daude egoera horretan, berreraikuntzarako dirurik ez dagoelako», esplikatu du Hanibal Abiy Worku NRCko arduradunak.

Israelgo agintariak eta PAN Palestinako Agintea dira Gazakoen sufrimenduaren erantzule, argindarrari dagokionez bederen. Herritarrek eta negozioek ez dute euren beharrak asetzeko adinako argindarrik, eta horrek eragina du jarduera guztietan.

Gazako herritarren ikuspuntutik gauzak gehiago larriagotzeko, atzo PANeko eta Israelgo agintariak elkarrekin izan ziren Zisjordaniako Jeninen eraiki duten energia planta inauguratzen. Ibrahim Ramadan Jeningo gobernadoreak jakinarazi zuen horrelako plantak eraikiko direla Hebron, Ramallah eta Nablusen. Yuval Steinitz Israelgo Energia ministroa bertan izan zen, Estatu okupatzaileko beste bi ordezkarirekin batera.