Mikel Zubimendi Berastegi

Gizatasuna kentzean eta esklabotzan oinarritutako AEBen historia eztabaidagai

Charlottesvillen Robert E. Lee jeneral konfederatuaren monumentua kentzeak sute ikaragarria piztu du, Trump piromanoak nahita hauspotutakoa. Afera, baina, monumentu batetik harago doa. Iraganeko borrokak berpiztuz historia berridatzi nahi da, eta ikusten ari da egia eta adiskidetzearen bidea zein traumatikoa den.

Virginiako Charlottesville hirian heroi konfederatuen artean ikonikoena den Robert Edward Lee jeneralaren monumentua kentzearen kontra egindako protesta eta erasoen txinpartak su ikaragarria piztu du Ameriketako Estatu Batuetan. Irudi latzak heldu zaizkigu: Ku Klux Klanaren eta bere zuzien parafernalia, errifleekin armatutako milizia neokonfederatuak, neonaziak... Azken batean, beren buruak inoiz baino legitimatuago eta indartsuago sentituta, lubaki berri bat aurkitu dute horiek guztiek monumentu konfederatuen defentsan. Eta ez da harritzekoa, guztien buru, piromano goren, Donald Trump presidentea bera aritu baita su hori hauspotzen.

Monumentuok arrazen arteko tentsioen arragoa bilakatu dira AEBetan. Haien defentsan irten direnak, hori bai, ez dira soilik supremazistak, estatu konfederatu izandakoetan, hamar herritar zuritik zazpik uste baitute monumentuok ez dutela arrazismoarekin zerikusirik. Bere horretan utzi beharreko herentzia historikoa direla uste dute, izateko modu baten “harrotasun” ikur. Masa kritiko hori aprobetxatuz, supremazistek iman berria aurkitu dute, multikulturalismoaren, feminismoaren eta gutxiengoen eskubideen aldeko mugimenduen kontrako erresistentziarako puntu aparta. Supremazistentzat, izan ere, borroka konfederatua ez da amaitu. Gizon zurien zibilizazio patriarkala amets, monumentuei eraso egitea “zuritasunari” eraso egitea dela diote.

Garaia eta testuingurua

Charlottesvilleko Leeren monumentua AEBetan dauden mila eta bostehunetako bat baino ez da. Pentsa, Kapitolioan bertan ere badira. Horrez gain, kale eta etorbide ugarik buruzagi konfederatuen izenak dituzte, baita base militar eta eskolak ere. Buruzagion omenezko jai egunak ere ez dira falta. Beraz, monumentu polemiko batetik harago doan ertz askoko arazoa da.

Historia apur bat behatuz, baina, monumentuok ez zirela gerraostean eraiki ikusten da. Esklabismoa mantentzeko 1861an AEBetatik banatu ziren hegoaldeko estatu konfederatuek, ehunka mila bizitza galdu zituzten gerra zibilean, Atlanta bezalako hiri osoen suntsipenaren ondoren militarki garaituak izan ziren arte 1965ean. Porrotaren ostean, esklabismoaren abolizioa etorri zen.

Kuriosoa da, baina, monumentuak ez ziren gerra zibila amaitu eta berehala eraiki. Askoz geroago eraiki ziren, zehazki AEBetan arrazen arteko tentsioa puri-purian egondako uneetan. 1910eko hamarkadan, adibidez, afroamerikarrak eskola, garraio eta espazio publikoetan segregatzen zituen legeen aurka altxatzen hasi zirenean, lintxamendu eta urkatzeekin batera ugaldu ziren. Edo 1950eko hamarkadan, eskubide zibilen aurkako mugimendua indartu ahala.

Proiektu politikoa

Proiektu politiko guztiek behar dituzte beren ikur eta imajinarioak. Ikur konfederatuak, monumentuok edo gerran erabilitako bandera, proiektu politiko baten mesedetan zabaldu dira. Segregazioaren ikur bihurtuta, imajinario bat indartzen dute: gerra zibila ez zen porrot lotsagarria izan, baizik eta borroka eta kausa noblea; gerra nork irabazi zuen berridaztea badago, eta, beraz, borroka berrietarako prestatu behar da; herentzia eta ondare zuria babestu behar dira; monumentuak kentzea historia ukatzea da, “harrotasun konfederala” lapurtzea.

Afroamerikarrentzat, bereziki, eta koloreaz eta jatorriaz gaindi aurrerazale zentzudun askorentzat, ikur arrazistak dira, ñabardurarik gabe. 1931ean DuBois intelektual afroamerikar handiak idatzi zuenaren harian, monumentuokin mezu hau helarazten da: “Gizakien esklabotza betikotzearen alde borrokatu zirenen memoriari eskainia”. Horrela irakurtzen eta sentitzen dute. Esklabotzan eta lintxamenduen gorrotoan oinarritutako tradizio baten parte gisa, munduan inoiz ezagutu den dominazio egitura zitalenetakoaren defentsa gisa.

Monumentuok, beraz, ez dituzte historiaren lekuko huts gisa hartzen. Konfederazioaren proiektu politikoa zuritzen eta gurtzen dutela uste dute, defendatzen zuten esklabotzaren horrorea nahita ahaztuz. Proiektu hori historiaren eta gizateriaren alde okerrean kokatua zegoela ukatuz.

Egiaren bilatze traumatikoa

Nelson Mandelaren itzala luzea da eta gatazka honetan bere hitzak askok, besteak beste Barack Obamak, ekarri dituzte gogora. Hegoafrikan egia eta berradiskidetzea bilatzeko bide traumatikoaz honakoa esan zuen duela hogei urte: «Mina askotan jasangaitza izan bada, ezagutzera emandakoak ikaragarriak, egiak gertatu zenaren inguruko elkar ulertze komun bat, gure nazioaren gizatasunaren berrezarpen egonkorra eskaintzen digulako izan da».

Kontuak kontu, AEBak beren iraganaren inguruko elkar ulertzea bilatzeko eztabaida betean dira, besteen gizatasuna kentzean eta esplotazioan oinarritutako historia arrazista argitzeko borroka betean. Gerra kultural hori da Trumpi interesatzen zaiona, bere kalkuluen arabera xaxatu beharrekoa. Bere estrategia buru zen Steve Bannonek ezin argiago adierazi zuen: «Segi dezatela arrazaren eta identitatearen inguruan egunero hizketan, guk nazionalismo ekonomikoa bultzatzen badugu, txikitu egingo ditugu-eta».