NAIZ
GASTEIZ

Bi adingaberen kontrako sexu erasoak salatzeko elkarretaratze bat antolatu du Gasteizko Udalak

Gasteizko Udalak elkarretaratze bat deitu du biharko, non bi neska adingabek salatutako sexu erasoak gaitzetsiko diren. Arabako Batzar Nagusiek bat egin dute deialdiarekin.

Udalak jakinarazi dutenez, elkarretaratzea asteazken honetan, hilak 30, eguerdiko 12.00etan egingo da, Plaza Berrian, ‘Vitoria-Gasteiz eraso matxisten aurka’ lemapean.

Udalbatzak bi adingabeek salatutako sexu-abusuak gaitzetsi ditu, eta biktimei eta gertukoei «sostengua eta hurbiltasuna» helarazi die, behar dituzten baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak nahiz babes- eta harrera-baliabideak eskainiz.

Udalak ziurtatu du kasu horien berri izan duen unetik bertatik, eta ahalik eta ikuspegirik osoen eta ziurrena edukitzeko aukera emango zigun informazio kontrastatu ondoren, ‘Indarkeria Matxistaren aurrean Jarduteko eta Erantzun Publikoa emateko Protokoloa’ aktibatu zuela, premiazko bilera eginez, informazio guztia bildu, erantzun instituzionala koordinatu eta biktimei eta horien ingurukoei laguntza emateko.

Indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa larria eta berebiziko arazo soziala» dela azpimarratu du Gasteizko Udalak, jasaten duten eta aurre egin behar dioten «emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren» kontra doana.

Gainera, erakundeak konpromisoa hartu du «lan egiten jarraitzeko» eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak» bermatzeko.

Beste ohar batean, Arabako Batzar Nagusiek gertatutakoa salatu, biktimei babesa adierazi eta Udalaren deialdiarekin bat egin dute.