NAIZ
DONOSTIA

Heineken Jazzaldiaren 53. edizioak euskal jazzaren aldeko apustua berretsiko du

2018ko uztailaren 25etik 29ra egingo da 53. Heineken Jazzaldia. Aurreko urteetako ildoari jarraiki, euskal jazzaren aldeko apustua berretsiko du; hautaketa prozesuan gailentzen diren tokiko hamar talde eta azken urtean diskoa plazaratu duten beste bost sartuko dituzte egitarauan.

Heineken Jazzaldiaren artxiboko irudi bat. (NAIZ.EUS)
Heineken Jazzaldiaren artxiboko irudi bat. (NAIZ.EUS)

Badu Heineken Jazzaldiak bere 53. edizioa ospatzeko da: 2018ko uztailaren 25etik 29ra egingo da, eta azken urteotan euskal jazz taldeen alde egindako apustua berretsiko du. Hala adierazi dute antolatzaileek hedabideetara bidalitako prentsa ohar batean.

Horretarako, hautaketa prozesu batean –lehiaketan parte hartzeko jo heinekenjazzaldia.eus webgunera– gailentzen diren tokiko hamar talde edukiko ditu egitarauak, baita 2017an zehar diskoa plazaratu duten bertako beste bost talde ere. Horrez gain, jaialdiak bestelako euskal proiektu musikalak ere aukeratu ahal izango ditu; iaz Niña Coyote eta Chico Tornadok eskaini zuten emanaldia, eta Rural Zombiesek izan zuen ohore bera 2016an.

2017ko datuei erreparatuta, 35 euskal bakarlari, talde eta DJ aritu ziren Jazzaldian.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko azaroaren 9a baino lehen bidali behar da materiala –musika grabatua, dokumentazioa...–, eta jasotzen diren talde guztien artean 15 aukeratuko dituzte, Donostiako klub eta lokaletan jo dezaten. Entzuleen erreakzioaren arabera horietatik hamar sartuko dira egitarau ofizialean.

2017an zehar diskoa argitaratu dutenek, berriz, abenduaren 28a baino lehen bidali beharko dute lana jaialdiaren bulegoetara. Antolakuntzatik adierazi dute deialdi hau ez dela bateraezina tokiko hamar talde aukeratzeko prozesuarekin.