Asier AIESTARAN

Plaza zaila atzeratutako lanak errekuperatzeko

Etxeko bi neurketak galdu ondoren, Bilbao Basketek Lokomotiv liderra bisitatuko du gaur Krasnodarren.

Bilbao Basketek hitzordu benetan zailari egingo dio aurre gaur (18.00, ETB1) Eurocup lehiaketan, Lokomotiv Kuban multzoko liderrari bisita egingo baitiote bizkaitarrek Krasnodarreko Basket Hall pabiloian. Errusiarrek jokatutako hiru neurketak irabazi dituzte, talde indartsua dutela erakutsiz, eta bilbotarrek aldiz garaipen bakarra lortu dute: Lituanian Lietuvosen aurka irabazi ondoren, etxeko bi partidak galdu egin zituzten Limoges eta Partizanen kontra.

«Garaipen bakoitza izango da oso garrantzitsua. Etxean bada ederki, zure jendearekin lortzen duzulako, baina kanpoan etortzen bada etxean egindako akatsen bat konpon dezakezu. Horixe da gure kasua, etxean bi partida galdu ostean», onartu zuen bidaiatu aurretik Carles Duran entrenatzaileak, igandean derbia irabazi izanak bultzada bat emango dielakoan –«garaipenak beti indartzen zaitu»–.

Lokomotiven ezaugarri nagusia jokalari amerikarrez josia egotea da. Joe Ragland antolatzailea (19,3 puntu eta 5,7 asistentzia partidako), Chris Babb eskolta (14,7 puntu) eta Frank Elegar hegal-pibota (12,5 puntu eta 7 errebote) dira aipagarrienak, baina Trevos Lacey, Mardy Collins eta Brian Qvale ere ezin dira ahaztu inolaz ere.

«Multzoko liderra, jokalari amerikar asko dituena, fisikoki oso indartsua... eta, gainera, Errusiara bidaiatzea ez da batere erosoa izaten. Baina lehiatzeko gogoz goaz, Vilniusen egin genuen bezalaxe», adierazi zuen Duranek hitzorduaren zailtasuna ukatu gabe. «Fisikoki beraien maila berdindu behar dugu, eta defentsa ona egin, batez ere kanpoaldean, saskiratzaile oso onak dituztelako», gaineratu zuen irabazteko gako moduan.

Hori bai, eta bidaiarena aipatu zuen arren, ez zuen aitzakia modura erabili nahi izan. Igandean Bartzelonaren aurka jokatu beharko dutela gogoratu ziotenean, esaterako, kataluniarren egoera ekarri zuen berak gogora. «Bartzelonak ostiralean jokatzen du Euroligako partida Olympiakosen aurka, beraz, hori ez da aitzakia izango».