Andoni LUBAKI

Rifeko preso politikoen epaiketak hautsak harrotu ditu

Nasser Zafzafi Hirak mugimenduko aurpegirik ezagunena epaitzen hasi ziren urriaren 25ean. Epaiketak herri mugimendu oso bati zilegitasuna kendu nahi dio Marokoko iritzi publikoaren aurrean. Etorkizuneko aktibista eta disidenteak beldurrarazteko asmoa ere begi bistakoa da.

Nahiago dut hiltzea umiliazio bat onartzea baino», esan zuen irmo Nasser Zafzafik pasa den astean bere aurkako epaiketako lehen egunean. Zafzafi maiatzaren 29an atxilotu zuten. Rifeko Hirak mugimendu popularreko bozeramailea zen. Askorentzat mugimenduko liderra ere bada 1979an jaiotako Al-Hoceimako semea. Horren erakusle, manifestazioetan bere irudia Abdelkrim Rifeko buruzagi historikoarenaren ondoan ikus daiteke sarri. «Guretzat heroia da, sinbolo bat. Abdelkrim bera izan zen bezala», dio Younes Abdelkhalikek telefonoz, Rifeko Imzouren hiritik.

2016ko urriaren 28an gertatutako Mouhcine Fikri taxi gidariaren erailketa salatzeko protestetan, bozgorailua hartu eta hobekuntza sozialak eskatzen hasi zen Zafzafi. Jarraitzaile andana pilatu zituen denbora gutxian eta Facebook sare sozialean egiten zituen zuzeneko emanaldietan milaka lagunek jarraitzen zuten. Ez ziren gutxiago Al-Hoceimako plaza handienean hitzaldiak ematen zituenean pilatzen zirenak. Oso zorrotz kritikatzen zuen Rabateko Gobernua, baita honek herri xumeari zion gorrotoa ere (hizkuntza herrikoian hogra deiturikoa). Agintari politikoan artean, ezinegona sortu zen berehala. «Ni ez naiz inoren lider, herriaren hitza hartu eta ozenki zabaltzen duen norbait baizik», zioen GARAk 2016ko abenduan Al-Hoceiman elkarrizketatu baino minutu batzuk lehenago. Elkarrizketa amaitu ostean, artikuluan agertuko zen argazkia ateratzerako garaian, ez zuen nahi izan bakarrik agertzerik: Hirak-eko kideekin batera atera nahi zuela esan zion GARAri.

Rifeko herritarren artean lortutako arrakastaren ostean, Zafzafi majzen-arentzat arerio arriskutsu bihurtu zen (isilpeko Gobernua izendatzeko herriak erabiltzen duen hitza). Betidanik deseroso izan zaion lurralde batean, Rifen hain zuzen ere, sustengu ugari pilatzen ari zen mugimendu indartsu bat sortu izanak Mohamed VI.aren palazioa erabat aztoratu zuen. Izan ere, berriro ere Rif, berriro ere Al-Hoceima, Marokoren izana sostengatzen duten hiru zutabeak astintzen ari zen: Jainkoa, aberria eta erregea.

Hirak-en aurpegi ezagunenak Nasser Zafzafi eta bere ingurukoak ziren. «Zafzafiri tranpa bat jarri zioten. Majzen-ak beti jokatzen du zikin. Aktibistok jakin dugunez, erregearen izenean zuzenean herri bakoitzeko imam garrantzitsuenei eskutitz bat bidali zitzaien», azaldu dio Ridouan Asouik Al-Hoceimako aktibistak GARAri.

«Imam asko boterearen bozgorailu dira Marokon eta Mohamed VI.aren aldeko tratua jasotzen dute betidanik. Bere aita zenak ere, Hassan II.ak, horrela jokatzen zuen. Horregatik herri xumeak, askotan irakurtzen eta idazten ozta-ozta dakien herri behartsuak, erregeari kutsu jainkotiar bat eman ohi izan dio, eta erregea aipatzea bera ere, kasu askotan, Jainkoari irain egitea bezala onartzen da. Majzen-ak estrategia hori erabili izan du betidanik. Lehen aipatutako eskutitz horretan Zafzafik erregea eta Jainkoa iraintzen zituela eta hori meskitan esan beharra zegoela esaten zen; horrela majzen-ak herri xumea Hirak-en aurka altxatuko zela uste zuen. Al-Hoceimako Mohamed V.a meskitan [egungo erregearen aitonaren omenez], imama hori esaten hasi zen. Bertan errezoan zeudenetako asko Nasser berarekin kontaktuan jarri ziren eta inongo beldurrik gabe bertan agertu zen bai bere ohorea bai bere kideena garbitzeko. Majzen-ak aitzakia bezala erabili zuen Zafzafiren atrebentzia bere eta Hirak mugimenduaren aurkako operazio poliziala hasteko. Baina gauza bat gaizki kalkulatu zuen Rabatek: herria ez zen Hirak-en aurka altxatu, kontrakoa gertatu zen. Horren adierazgarri dira Rifen herritarren babes handiarekin egin diren greba orokorrak», dio Ridouanek.

 

200 aktibista kartzelan

«Ez dugu onartzen aktibistak atxilotuta daudela esatea. Bahituta daude. Nazioarteko legeei kasu eginez gero, argi ikus daiteke bahiketa hutsak direla. Senitartekoek ez dakite non dauden atxilotu asko, ezin dituzte bisitatu, abokatuek ere ez dakite kasu askotan bezeroekin nola elkartu... Horregatik, Hirak-etik Estatu marokoarrak bahituta dituela diogu», azaldu du Reda Benzazak. Nasser Zafzafirekin batera Hirak-eko aurpegirik ezagunetakoa da Reda Benzaza. Maiatzaren 29tik aurrera, Zafzafi atxilotu zuten egunetik aurrera hain zuzen, bera bihurtu da mugimenduko bozeramaile. Hasiera batean Marokon ezkutatuta egon bazen ere, egun Estatu espainiarrean bizi da, erbestean.

«Kargu asko egozten dizkiote Nasserri. Ez bakarrik berari, baita Nabil Nahamjik aktibistari [Hirak-eko kidea eta Zafzafiren konfiantzazko gizona] eta Hamid el Mahdaui kazetariari ere [Rabat eta Mohamed VI.arekin oso kritikoa da]. Fiskalak heriotza zigorra eskatzen du Nasserrentzat eta Europar Batasunetik heldutako presioek ere ez dute majzen-a kikildu. Egozten dizkieten karguetako batzuk honakoak dira: erlijio kultuak etetea, Marokoko barne segurtasunaren aurka egitea, poliziak hil nahi izatea, Marokoren etsai diren herrialdeen dirua onartzea... Horregatik ez du heriotza zigorra kentzerik nahi izan fiskalak. Jendea beldurrarazi nahi dute», gehitu du Reda Benzazak.

Heriotza zigorra azken urteotan oso gutxitan eskatu izan da Marokon. Oraintsu epaitutako saharar aktibistei hil arteko kartzela zigorra ezarri zieten [Gdeim Izik kanpamentua antolatzea eta 11 polizia hiltzeko agindua eman izana leporatu zieten]. Beraz, argi ikus daiteke Rabatek zer-nolako garrantzia eman nahi dion Nasserren kasuari. «Imzouren hirian etxe bat erre zuten. Bertan poliziak zeudela diote batzuek; beste batzuek, berriz, ezetz. Fiskalak etxe hori erretzea Nasserri leporatu dio, eta horretaz baliatzen dira norbaitek heriotza zigorra ezartzea astakeria dela esatean», dio Ridouan Asouikek. Reda Benzaza ere iritzi berekoa da: «Etxe hori erre izana leporatzen diote Nasserri, baina argi dago ez zela horrela izan».

GARAk Imzoureneko manifestaldi horretan parte hartu zuen pertsona batekin hitz egin ahal izan du. Segurtasun arrazoiengatik Abdelkrim ezizena erabiltzea eskatu digu. «Ni bertan nengoen. Komisaria moduan funtzionatzen zuen etxe baten aurrean geratu ginen protesta egiteko, eta ez dakigu nondik baina pertsona batzuk agertu ziren ustekabean. Manifestaldiaren ondoren izan zen. Batzuk joanak ziren eta ni oraindik bertan nengoen. Pertsona horiek su eman nahi izan zioten etxeari; pentsa, ez zuten euren artean erriferaz ere hitz egiten! Ez dut uste Hirak mugimenduarekin edo protestan parte hartu zutenekin zerikusirik zutenik. Lagunen artean beti pentsatu izan dugu poliziak zirela. Ekintza horri esker majzen-ak aitzakia bat lortu zuen gure aurka egiteko», azaldu du Abdelkrimek Telegram bidez.

«Marokon Polizia beti ari da frogak bere interesen arabera sortu eta desegiten. Gogora dezagun Al-Hoceiman bertan 2011n kutxazain batean erreta agertu ziren hiru gazteen kasua; ondoren, laugarren gorputz bat ere agertu zen motor kasko batekin eta Poliziaren zigilua zuen kartera batekin. Dirudienez, hiru gazteak komisarian torturatu eta hil ondoren kutxazainean uztea zen polizien asmoa, lapurtzen ari zirela bulegoak su hartu zuela esateko. Baina polizia bat hil zen sutean ustekabean eta ez zuten denborarik izan haren gorpua ezkutatzeko. Majzen-ak askotan erabili izan du sua; berak nahi dituen frogak asmatu eta interesatzen ez zaizkionak desagerrarazi edo ezkutatzeko baliagarri zaio. Nik eta nire ingurukoek ez dugu inolaz ere sinesten Imzoureneko etxea manifestariek erre zutela dioen bertsio ofiziala. Polizia izan zen. Ez zen inor hil, baina Polizia izan zela argi eta garbi esan dezaket. Zergatik ari ziren bestela beraien artean arabieraz mintzatzen?», gehitu du Abdelkrimek, oraingoan telefonoz.

 

Atxiloketak mugimendua desegiteko

Azken egunetan, aktibista esanguratsuen epaiketen atarian, atxiloketa gehiago ere izan dira. Horietako bat Rifeko enbaxadorea bezala ezaguna den Azzi Ahmedena izan da. Tmassid izeneko herrian bizi den aktibista horrek ez du zuzenean Hirak taldearekin edo bertako inorekin harremanik. «Bere kaxa aritzen den gizona da», dio Ridouan Asouikek. «Oso ospetsua da Rifen. Aktibismoan dihardu ia jaio zenetik, baina ez da sekula inongo taldetan ibili», gehitu du Asouikek. 60 urteren bueltan ibiliko den gizona da (inork gutxik daki zehazki zenbat urte dituen), apala da eta manifestaldi askotan amazig banderarekin eslogan politikoak oihukatzen aritzen da, baita behin mobilizazioak bukatu ondoren ere.

Olerkari gazte bat ere atxilotu dute, sare sozialetan aktibismo politikoa egiteagatik. Dimma Ahmed du izena eta erriferaz idazten ditu bere olerkiak. «Oraindik ez dakizkigu atxilotu askoren aurkako akusazio zehatzak, baina Hirak-ekin loturarik ez duen jendea ere atxilotzen ari dira. Zalantzarik gabe pentsamendu askatasunaren aurkako atxiloketak dira. Gaitz erdi hil ez dituztenean, Majzen-ak horrela jokatzen baitu askotan! Gero heriotza istripu gisa aurkezten du jendartean, Marzduk Ouariachi unibertsitateko irakasle ezagunaren kasuan gertatu bezala. Bere lagun batek esan zidan istripu oso aldrebesa izan zuela autoarekin eta polizia batek baino gehiagok aipatu diola oraindik ere ez duela bertsio ofizialak dioena ulertzen [orain dela ia 30 urte gertatu zen istripua]», dio Asouikek.

«Senitartekoak ere mehatxatzen ari dira. Atxilotuak Said Charekin [Herbehereetan atxilotu duten aktibista polemikoa] zerikusia duela esaten diete senitartekoei, eta narkotrafiko delituak egotziko dizkietela mehatxu egiten diete», salatu du.

 

Gose greba eta ministro aldaketa

Atxilotuetako askok gose greba mugagabea hasi zuten irailaren erdialdean. Ia 45 egun pasa dituzte gose greban eta abokatuek «egoera larrian daudela» diote. Familiek ez dute prentsarekin hitz egin nahi. Redak GARAri aipatu bezala, «askoren egoera oso larria da eta euren bizitza arriskuan dago. Majzen-a hori ezkutatzen saiatzen da».

Hiru ministro ere aldatu ditu Mohamed VI.ak azken egunetan, «Rifeko krisia ondo ez kudeatzeagatik». Ministro horiek Mohamed Hassad (Hezkuntza), Mohamed Nabil Benabdellah (Etxebizitza) eta Houcine el Ouardi (Osasuna) dira. Gobernuan kargu garrantzitsuak zituzten beste zenbait pertsona ere kaleratu dituzte, eta, prentsari adierazitakoaren arabera, «ez dute ez Gobernu honetan ez hurrengoetan parte hartuko». Asouikek ez du zalantzarik: «Egoera ikusita argi dago Marokon demokraziarik ez dela, dena dago Mohamed VI.aren menpe. Halere, kargugabetzeek ez dute Rifen sortutako egonezina geldituko, ezta protestak ere».

Iritzi berekoa da Reda Benzaza eta Hirak-ek abiatutako mugimendua jada geraezina dela uste du. Aktibisten epaiketak eta fiskalak eskatutako heriotza zigorrek hautsak harrotu dituzte eta Europan ehunka elkarretaratze egin dira. Igaro den larunbatean, Bilbon bertan egin zen horietako bat “Preso politikoak askatu” lelopean.