NAIZ
IRUÑEA

Perfekziotik gertu ibili den Altunak txiki utzi du Olaizola eta finalean izanen da (22-12)

Jokin Altunak partida ikaragarria jokatu du Iruñeko Labrit frontoian, Aimar Olaizola gainditu eta Lau eta Erdiko txapelketako finalerako sailkatzeko. Amezketarrak ez dio aukerarik eman goizuetarrari eta argi erakusten du azken emaitzak. 22-12.

Altuna aise nagusitu zaio Olaizolari Labriten. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Altuna aise nagusitu zaio Olaizolari Labriten. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Iaz txapeletik tanto bakarrera geratu zen Jokin Altuna eta aurten amaitu gabeko lan hori borobiltzeko asmoz dabil. Argi utzi du gaur Labriten. Lau eta Erdikoan inork baino txapel gehiago dituen Aimar Olaizola txiki utzi du gaurkoan, erreleboa hartzeko erronka onartuz.

Goizuetarra hobe hasi da, eta 5-1 aurreratu da markagailuan. Baina hor esnatu da Altuna. Amezketarrak ez dio pilota bakar bat eskura utzi Olaizolari eta honek gaztearen erritmora jokatu behar izan du partida guztian zehar. Sakean asmatu da, pilotari abiadura eman dio eta errematean asmatu egin du.

Maila ikaragarria erakutsi du gipuzkoarrak eta hola ihes egin dio markagailuan, erremateari errematearekin erantzun eta gero.

Duela urtebeteko txapelketaren errepikapena izaten ari da aurtengoa. Finalerdiak errepikatu egin dira, eta, berriz ere, bere taldean bigarren postuan sailkatutako Altunak, berean lehen tokian bukatutako Olaizola kanporatu du. Orain amaiera aldatzea falta zaio amezketarrari. Iaz 22-21 galdu zuen finalean Oinatz Bengoetxearen aurrean. Finalean da dagoeneko Altuna eta leitzarra eta Urrutikoetxea neurtuko dituen partidatik aterako zaion aurkariaren zain dago aurrelari gaztea.