Asier AIESTARAN

«Jendea nire lanarekin harro egotea nahiko nuke»

Bihar, Euskal Herrian 7.15 direnean, ekingo die Imanol Rojo eskiatzailetolosarrak Pyeongchang-eko Olinpiar Jokoei. Sotxiko esperientzia gogoan, orduko emaitzak hobetu nahi ditu, azken urteetan egin duen lanaren fruitua jasotzeko. Baina lehiaketaz gozatzeari ere garrantzia ematen dio.

Imanol Rojo tolosarra prest da bere bigarren Olinpiar Jokoei ekiteko. 27 urterekin eta azken urteetan bere prestaketan urrats garrantzitsuak egin ostean, kirolari gipuzkoarra bere ibilbideko une gorenera gerturatzen ari dela esan liteke, nahiz eta ezinezkoa den hori noiz etorriko den jakitea.

Gainera, eta beste kirol batzuetan ez bezala, Rojok iraupen eskiko lau proba desberdinetan lehiatzeko aukera izango du Korean: skiatloia 15 km + 15 km (bihar, Euskal Herriko 7.15ean), 15 km estilo askean (otsailaren 16an, 7.00etan), taldekako esprint proba (21ean, 10.05ean) eta 50 km mass start delakoa (24an, 6.00etan). Aste hasieratik dago bertan eta Jokoak gehien bizi ahal izango dituen euskal kirolaria izango da.

Orain lau urte Sotxin izandako esperientzia hartatik zer aldatu den galdetuta, Imanolek argi azaltzen du egoera: «Orain honetarako bakarrik bizi naizela. Eguneroko nire lana entrenatzea da; horretarako bakarrik nago. Horrek presio handiagoa ere sortzen du, alderdi guztiak hobetu nahi dituzu, eta ez diozu atzetik daukazun jende guztiari hutsik egin nahi, ezta babesleei ere».

2014ko Jokoetan 50 kilometroko proban lortu zuen emaitzarik onena, 33. postua; 50.a izan zen skiatloian zein esprintean; eta 60. amaitu zuen 15 kilometrokoa. Emaitza horiek hobetzea da helburuetako bat Rojorentzat, baina maila pertsonalean izango dituen bizipenei ere garrantzia ematen die.

«Gozatu egin nahiko nuke, orain lau urte egin nuen bezala», dio lehenik. Baina errendimenduari ere ez dio uko egiten: «Niri irabaztea gustatuko litzaidake, argi dago, baina badakit oso zaila dagoela. Lasterketetan irabaztera irten behar da, eta gero ikusiko da. Nahiz eta iraupen eskia kirol ezaguna ez izan, nahiko nuke jendeak esatea ‘tipo honek sekulako postua egin du’. Ez dakit postu hori zein izan daitekeen, baina jendea harro egotea nahi nuke».

Izan ere, txiki-txikitatik eskiarekin eta elurrarekin maitemindu zen haur hura goi-mailako kirolari bihurtu da jada, eta aditu guztiek azken hiruzpalau urteotan eman duen aurrerapausoa nabarmentzen dute.

Tolosako harrobia

Tolosa inguruetan eskia ezagutarazteko eta zabaltzeko horrenbeste lan egin zuen belaunaldiaren eskutik jaso zuen elurrarekiko maitasuna Imanol Rojok. «Angel Ortiz, Josu Iztueta, Txiki Plazas... horiek dira nik ezagutu ditudanak eta guretzat beti erreferentzia izan dira», onartu zuen BAT Basque Team taldeak berriki egindako elkarrizketa-erreportaje batean.

«Aitari eta amari beti gustatu izan zaie elur mundua, iraupen eskia. Eta guri txiki-txikitatik erakutsi ziguten. Aurrena, beti bezala, lera batekin eta eskiak probatzen jaitsieretan, eta gero hasi ginen fondoa egiten, Aralarren», deskribatzen zituen bere lehen urratsak. «Hamaika urterekin hasi ginen lasterketetan parte hartzen eta lehiaketarako harra barruan sentitzen. Gero eta handiagoa egin zen, gustatu egiten zitzaigun eta emaitzak ere onak ziren. Hala sartu ginen mundu honetan anaia eta biok».

Hain zuzen ere, Joseba bere anaia –munduko txapelketak jokatutakoa– da ziklo olinpiko honetan eman duen jauzia ondoen azter dezakeena: «Uste dut orain lau urte, Sotxira joan zenean, salto handia eman zuela. Eta lau urte hauetan beste kalitatezko jauzi bat ematen ari da. Ez dakigu noiz arte izango den, baina konfiantza hartu behar du orain».

Prestaketak amaituta, fruituak biltzeko garaia iritsi da. Animo Imanol!