
«Ni beti ari naiz idazten, beste gauza bat da argitaratzen dudan ala ez», nabarmendu zuen Gotzon Hermosillak “Gaur galtzea tokatzen da. Eta beste istorio batzuk” (Elkar) ipuin-bildumaren aurkezpenean. Kazetaria lanbidez (“Berria”-n egiten du beharra), “Road movie” (Alberdania, 2002) bidaia-kronika eta “Ramones, familia maitagarria” (Paper hotsak, 2005) biografia ditu idatziak eta, fikzioaren alorrean, “Idoloak akatu genituenekoa” (Barnezomorro, 2016) ipuin-bilduma kolektiboan egin zuen lehen urratsa.
“Gaur galtzea tokatzen da. Eta beste istorio batzuk” da, beraz, fikzioaren alorrean bakarka kaleratu duen lehen liburua, autorearen hitzetan, «galtzaileen istorioak» barneratzen dituen obra: «Nahiz eta askotariko ipuinak biltzen dituen liburua izan, osotasun bat eman behar zitzaion liburuari eta kontatzen diren istorio asko galtzaileen istorioak dira. Literaturan, normalean, agertzen diren pertsonaiak galtzaileak dira, baina nik uste dut denak garela galtzaileak, irabazle ateratzen denak ere galdu egiten duelako, azkenean denak hiltzen dira».
Hamabi ipuin batu ditu Hermosillak bildumara, bi zatitan banatuta. Lehen zatia aipatzen dituen «galtzaileen» gaineko sei narraziok osatzen dute eta, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan, «taberna giroko ipuinak, alkohola, droga... giro zehatz bateko ipuinak» dira. Bigarren zatiak ere sei ipuin hartzen ditu barnean, baina, kasu honetan, askotariko kontakizunak dira, «garai eta giro ezberdinetakoak». Zaharrena 2002. urtean idatzia da; berriena, iaz. Izaera aniztasun horren arrazoia azaldu zuen Hermosillak: argitalpenak biltzen dituen hamabi ipuinetatik sei literatur lehiaketaren batean sarituak izan dira, eta autoreak denak argitalpen berean bildu nahi izan ditu. «Ipuin sarituak hedapen murritza izaten duten liburuxketan-eta argitaratzen dira, herri liburutegietan edo interneten geratzen dira. Eta, printzipioz liburu bakar batean argitaratzeko asmoz eginak ez direnez, nahiko heterogeneoak dira, denbora, gai eta kokapenaren aldetik», azaldu zuen.
Ezkerraldea literaturan
Bada, ordea, Hermosillaren narrazioetan elementu komunik. Mendigurenek nabarmendu zuenez, Ezkerraldeari eta Meatzaldeari erreferentziak konstanteak dira argitalpenean. «Bada esku artean daukadan kontu bat... Nik asko irakurtzen dut, batez ere euskal literatura, eta Barakaldo edo Ezkerraldearen erreferentziak apuntatu egiten ditut; ari naiz horren inguruko testu bat sortzen, nola agertzen den Ezkerraldea. Adibidez, nobelaren batean galiziar bat agertzen bada, Barakaldokoa da, edo droga-trafikoa badago Barakaldoko taberna batean izango da. Topiko jakin batzuekin lotuta ageri da, seguruenik ez kontzienteki. Euskal Herriko imajinario horretan gure errealitateak ere lekutxo bat behar du».

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
