NAIZ
A CORUÑA

A Coruñan nagusitu eta lidergoa sendotu du Urdaibaik

Indar erakustaldia emanda irabazi du Urdaibaik A Coruñako uretan eta, bandera irabaztearekin batera, Eusko Label Ligan duen lidergoa indartu du. Izan ere, laugarren postuan amaitu du Hondarribiak; ondorioz, sei puntuko aldea ateratzen dio ‘Bou Bizkaiak’ ‘Ama Guadalupekoari’.

Urdaibai, garaile A Coruñan. (@actraineras)
Urdaibai, garaile A Coruñan. (@actraineras)

Bigarren egunez segidan nagusitu da Urdaibai A Coruñako uretan eta, hala, Coruñako Bandeira Cidade irabazi dute bermeotarrek. Indar erakustaldia emanda irabazi du ‘Bou Bizkaiak’, izan ere haizea protagonista izan duen estropada jokatu dute Eusko Label Ligako traineruek.

30 eta 40 kilometro orduko haizeteak izan dira A Coruñako Riazor hondartzan, eta horrek asko baldintzatu du estropada. Gainera, traineru gehienek aldaketak egin dituzte, freskotasun bila.

Ondarroa izan da nagusi lehenengo txandan, estropadan hasieratik amaiera bitarte aginduz. 17 segundo gehiago behar izan ditu San Pedrok, 29 San Juanek eta 50 Tiranek. Hala, Oriok baino ez du gainditu bigarren txandako traineruen artean Ondarroak ezarritako marka; zortzi segundotan hobetu du denbora.

Ohorezko txanda, Urdaibai eta Hondarribiak ohiko lehia izan dute euren artean. Bezperan irabazita, bandera irabazteko lehen urratsa emana zuen Urdaibaik, eta hasieratik ezarri duen erritmoak balio izan dio aurrez irabazitako denborei eusteko.

Bereziki antzeman da haizea hirugarren txandan, eta horrek kolokan jarri du Urdaibairen gaurko garaipena. Azkenean, baina, ia bereratzi segundoko aldea atera dio gaur bigarren izan den Oriori; laugarren postura erori da Hondarribia, sailkapen nagusian Urdaibaitik sei puntura geratuz.