NAIZ

Euskal Herriko langabezia tasa %9,89koa da, 146.700 pertsona

Espainiako Estatitika Institutuak (INE) argitaratu berri dituen datuak oinarri Euskal Herriko langabeziaren argazkia osatu du Gaindegiak eta emaitza da 146.700 euskal herritar direla lanik gabe zazpi herrialdeetan, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 gutxiago. 0,53 puntu apaldu da tarte horretan langabezia %9,89an kokatuz.

Langabezia
Langabezia

146.700 pertsona dira lanik gabe Euskal Herrian Espainiako Estatitika Institutuak (INE) gaur argitaratu dituen datuei Ipar Euskal Herrikoak gehitu ostean. Gaindegiak egindako ariketaren arabera zazpi herrialdeetan langabezia tasa 9,89koa da, INEren datuak kontuan hartuta. Eustatek berriki kaleratutako datuak kontuan hartuz gero berriz, aurreko hiruhilekotik 0,86 puntuko jaitsierarekin %9,92an kokatuko litzateke langabezia.

Hego Euskal Herriko datuak eman ditu gaur INEk egin ohi duen EPA inkestak. Honen arabera Nafarroan langabezia %9,93an dago, 31.300 herritar daude langabezian. Gipuzkoa da beste behin ere datu erlatibo baxuena eskaintzen duena, langabezia %7,55ekoa da, 25.700 persona. Araban 16.300 dira langabezian direnak, %10,53, eta Bizkaia da daturik okerrena duena 62.400 baitira langezian daudenak, %11,63. 

Urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero, Nafarroan %0,61 baxuagoa da langabetu portzentaia, %10,54ean baizen. Arabaren kasuan ia berdina da (%10,54 zen) eta Bizkaian ia puntu oso bat jaitsi da langabezia, %12,6koa baizen urteko lehen hiruhilekoan. Gipuzkoaren kasuan 0,38 egin du behera, %7,93tik %7,55era.

Iaz garai honetan Nafarroan langabezia %10,55ekoa zen, orain baino 0,62 puntu altuagoa, Araban %13,05ekoa, orain baino ia 3 puntu altuagoa, Bizkaian 12,54ekoa, ia puntu bat gora eta Gipuzkoan %8,18koa, 0,63 altuagoa. 


*Ipar Euskal Herrian 2015 urtetik aurrera biztanleria aktiboaren estimazioa aintzat hartzen du. Urteroko berrikuspena.
Iturria: EUSTAT, INE eta INSEEE. GAINDEGIA

Iturrien araberako aldeak

Gaindegiak INEz gain EUSTATen moduko iturriak ere hartzen dituenez kontuan bat edo bestearen arabera emaitza ez dela berbera azpimarratu du ohar bidez. Arabaren kasuan, adibidez, INEren arabera langabezia tasa ia ez da aldatu (-0,01), EUSTATen datuak eskuan, ordea, azken hiruhilekoan 1,70 puntu apaldu da langabezia bertan.

Gaindegiak nabarmendu du azken hiruhilekoan biztanleria aktiboa handitu egin dela herrialde gehienetan, Ipar Euskal Herriko hiruetan izan ezik.

Euskal Herriko langabeziak Europako Batasuneko bataz bestekoa baino 2,9 puntu handiagoa izaten jarraitzen duela gogoratu du Gaindegiak. Gainera, apaltze joeraz harago prekarietatearen itzalak handiegia izaten jarraitzen duela azpimarratu du Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak.


(p) Behin-behineko datuak.
Estazionalizatutako datuak.
Iturria: EUSTAT, INE, INSEE, EUROSTAT, Erresuma Batuko Estatistika Bulego Nazionala eta Belgikako Gobernu Federala. GAINDEGIA.