NAIZ
DONOSTIA

Aske geratu da Santiago Arrozpide, ia 31 urteko espetxealdiaren ostean

Santiago Arrozpide lasartearra Topaseko espetxetik atera da gaur goizeko 8.15 aldera, 30 urte baino gehiagoko kartzelaldia atzean utzita.

Arrozpide, Topaseko espetxetik atera berritan. (@carlespastor)
Arrozpide, Topaseko espetxetik atera berritan. (@carlespastor)

Salamancako kartzelatik atera da Santiago Arrozpide 8.15etan eta, hortaz, bizitza erdia baino gehiago preso eman ostean aske da dagoeneko lasartearra. Ia 31 urte pasa ditu Arrozpidek preso, 1987an bigarren aldiz atxilotu zutenetik. Hainbat senide zituen esperoan kartzela atarian.

Frankismo garaian izan zen preso aurrenekoz. 1987ko irailean berriro atzeman zuten, Angelun, eta 27 urte pasa zituen kartzelan, 2014ko abenduan Villenako espetxetik atera aske gelditu zen arte, Alberto Plazaolarekin batera. Estatu frantsesean igaro zuen kartzelaldia aintzat hartuta eman zuen Auzitegi Nazionalak bera aske uzteko erabakia.

Fiskalak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka eta Auzitegi Gorenak askatasun agindua bertan behera utzi zuen. Arrozpidek 45 egun baino ez zituen eman kalean. 2015eko urtarrilaren 19an, kaputxadun poliziek berriro atxilotu zuten herrian, Lasarte-Orian, bere aurkako beste auzi bat espreski baliatuta. Auzitegi Nazionalak berak agindu zuen atxiloketa, Europako estradizioen 1957ko ituneko 14.1 artikulua baliatuz. Bertan zehazten da estraditatua izan den pertsona bat ezin dela atxilotua edo epaitua izan entrega gauzatu aurretik leporatzen ez zitzaion delitu batengatik. Badago, baina, salbuespen bat: Estatua uzteko aukera edukita, aske gelditu eta 45 egunera alde egin ez izana.

Tarte hori bete eta berehala agindu zuen Fernando Andreu epaileak atxiloketa. Martxoan epaitu zuten eta 17 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 1986an atentatu bat agintzea egotzita.

30 urteko muga bete arte eduki dute kartzelan.