A.A.

Asier Agirre ilusioz gainezka dago, nahiz eta aurkaririk gogorrena egokitu

Bigarren Mailako txapeldunak ostiralean egingo du debuta Joseba Ezkurdiarenaurka. Albiste onena, bere ahotik arazo fisikorik ez duela entzutea.

Asier Agirrek ostiralean egingo du Altsasun debuta Lau eta Erdiko txapelketa nagusian. Lehen Mailan jokatzeko txartela iaz Promozio mailako txapelketa irabazi ostean lortu zuen –22-20 nagusitu zen finalean Jon Ander Peñaren aurka–. Eta kaiolan emandako maila apartari jarraipena Promozioko Binakakoan ere eman zion, martxoaren amaieran Iturriagarekin txapela janzteraino.

Baina azken hilabeteak ez dira errazak izan aurrez ere lesioekin arazo ugari izan dituen iruindarrarentzat. Infekzio baten erruz ia hilabete eman zuen ospitalean eta orotara lau hilabete egon zen jokatu gabe, abuztu hasieran Donezteben berragertu arte. Zorionez, azken bi hilabeteotan arazorik gabe jokatu ahal izan du eta ilusioz gainezka dago ostiralerako. «Sari bat da niretzat txapelketa hau jokatzea, eta ilusio askorekin nago», onartu du Agirrek, nahiz eta asteleheneko zozketan inork nahi ez zuen aurkaria egokitu zitzaion: Joseba Ezkurdia. «Ezkurdia tokatu zait, pilotari oso-oso indartsua. Oso gogorra izango da niretzako, baina ni ilusio askorekin joango naiz jokatzera eta ea gerra eman ahal diodan».

Albisterik onena, ordea, bere ahotik fisikoki ongi dagoela entzutea da. «Ongi nago, arazo fisikorik ez dut nabaritzen. Agian indar falta notatzen dut apur bat, baina pozik nago alde horretatik. Berreskuratu ditut kilo batzuk. Agian ez naiz oraindik iritsi lesionatu aurreko kopurura, baina gutxi faltako da».

Hori bai, ez da modurik egokiena Lau eta Erdikoa prestatzeko. «Entrenamenduren bat egin dut, baina uda oso gogorra izan da niretzat, partida askorekin. Eskuekin ere arazo batzuk izan nituen azken asteetan, eta egia esan ez dut gehiegi prestatu», onartu du nafarrak.

Hala ere, argi dago partidak jokatzea bezalakorik ez dagoela erritmoa hartzeko. «Eskuko arazoak sortu dizkit, baina jokatzea ongi etorri zait, erritmoa hartzeko, fisikoki txispa hartzeko agian ez da onena, baina joko puntua hartzeko bai».