Jon Ormazabal

Bere lekuan egotearekin nahikoa izan du Altunak finalerdietara sartzeko (22-9)

Victorrek erraztasun handiak eman dizkio txapeldunari eta amezketarra arituko da Oinatz  Bengoetxearen aurka Labriten jokatuko den finalerdian.

Altuna eta Victor, partida amaieran. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Altuna eta Victor, partida amaieran. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Argi dago Jokin Altunari oraindik ere puska bat geratzen zaiola bere joko mailarik onena berreskuratzeko, baina ezer bada, amezketarra pilotaria da eta gaur nahikoa izan du bere lekuan egon eta Victorrek emandako erraztasunak aprobetxatzearekin Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatzeko.

Oinatz Bengoetxea izango du larunbatean parean Labriten, orain bi urteko finalean eta aurtengo San Ferminetako kaiolan gailendu zitzaion arerioa. Eta txapeldunak inork baino hobeto daki asko hobetu beharko duela bere jokoa finalean errepikatu nahi badu.

Baina esan daiteke Aspeko aurrelariak bere aurtengo helburua eskuratu duela lau onenen artean sartzearekin, txapelketa hasi bezperetan parte hartzeari uko egiteko zorian izan zen eta. Alde horretatik, gaurko partida oso ondo etor dakioke, bere burua gehiegi estutu beharrik gabe atera baitu aurrera. Lehia gogorra espero zen gaurkorako, baina Victorrek, defentsan bigun eta erasoan antzu, erraztasun gehiegi eman dizkio txapeldunari.

Bietako bakarra ere ez da hasieran eroso sentitu kantxan eta lehia berdindua joan da launako berdinketara arte. Hortik aurrera, Altunak argi ikusi du, gehiegi arriskatu gabe, bere lekuan egotearekin nahikoa izango zuela partida aurrera ateratzeko eta defentsari esker aurrera egin du. 10-0eko partzial batekin lehia erabat apurtu du eta Victorrek ez du du ezer egiteko modurik asmatu, denera 9 huts pilatuta.