NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako nagusien egoitzetako langileek greba egin dute, lan baldintzen alde

Gipuzkoako nagusien erresidentzieta eta eguneko zentroetako langileek greba eguna dute gaur, ELAk eta LABek, nork bere aldetik, deituta. ELAren arabera, lanuztea erabatekoa izan da. Bi sindikatuok deituta mobilizazioak egin dituzte Donostian. 

ELAk elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. (@erresidentziak)
ELAk elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. (@erresidentziak)

Gipuzkoako nagusien egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak –5.000 inguru– grebara deitu dituzte gaur ELAk eta LABek, nork bere aldetik, sektoreko beharginentzat lan baldintza hobeak aldarrikatzeko.

ELAren kasuan, zazpi eguneko greba deialdia egin du, gaur hasi eta hilaren 25, 26, 28, 29, 30 eta 31rako. Lehen egun honetan lanuztearen jarraipena erabatekoa izan dela esan du sindikatuak, «gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri badituzte ere». Azaldu duenez, gutxieneko zerbitzuen eraginez greba egitera 5.000 langile daudenez deituta, «bost lagunetik batek bakarrik egin dezake greba, Diputazioak eta Lan Delegaritzak jokatutako papera tarteko».

ELAk nahiz LABek mobilizazioak burutu dituzte lehen greba egun honetan. Lehenaren kasuan, elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, «Gipuzkoako erresidentziak borrokan. Emakumeen diskriminiazioari stop» lelopean.

LABek, berriz, kalejira bat egin du Bretxatik abiatuta. Abenduaren 31rako ere greba eguna iragarri du sindikatu abertzaleak. Ane Sarriegi ordezkariak azaldu duenez, duela bi urte negoziazio mahaia osatu zenetik patronalak «soldata bi urtez izoztea» besterik ez du planteatu. Hurrengo bilera urtarrilean egingo dutela esan du eta soldaten igoera eta baldintzen hobetzea ekartzen ez duen proposamenik egongo ez balitz mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi du.