GARA
BILBO

Bizkaiko etxez etxeko langileen lan gatazkak aurrera jarraituko du

Urriaren 26ko negoziazioan patronalak duela urtebeteko proposamena planteatu zuelako eta zerbitzua «egunez egun» prekarizatzen doalako kexatu ziren sektoreko langileak, ELA, LAB, UGT eta USOk deitutako mobilizazioan. Aste osoan egingo dituzte elkarretaratzeak.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen sektoreko ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek bigarren greba eguna egin zuten atzo, eta Eudel EAEko Udalen Elkarteari ohartarazi zioten akordiorik ezean lan gatazkak «aurrera jarraituko duela».

Sindikatu hauen esanetan, bigarren greba egun honek %90eko jarraipena izan zuen, nahiz eta sektorean gehiengoa duen CCOOk hitzordu hauetan ez duen parte hartzen. CCOOk hilaren 24 eta 31rako mobilizazioak iragarri zituen, eta ELA, LAB, UGT eta USOk –egun horietan ere kalera irteteaz gain– aste osoan elkarretaratzeko deia egin zuten.

Atzoko manifestazioa Bilboko udaletxetik Eudelen egoitzara joan zen. Izan ere, gatazkan esku-hartzea exijitzen diote udalen elkarteari, herrietako administrazioek azpikontratatzen baitituzte enpresa pribatuak.

ELAko giza osasun saileko arduradun Julio Fombedillak gogorarazi zuen sektorea «prekarizatua eta feminizatua» dela, eta greba hauekin 1.500 langilek osatzen duten sektorean gertatzen ari diren «aurrekontu murrizketak» salatu nahi dituzte.

«Zerbitzua eskaintzeko orduen murrizketa, erosahalmenean galerak, lan baldintzak okertzea edota lanaldi partzialeko kontratazioa pairatzen ditugu egunez egun, azpikontratatutako enpresek diru publikoaren bidez milioika euroko irabaziak dituzten bitartean», azpimarratu zuten komunikatua sinatu zuten lau sindikatuek.

Egoera hau gogor kritikatzeaz gain, Fombedillak ohartarazi zuen 1, 2 eta 3. graduko menpekotasuna duten pertsonen arretan %100eko zerbitzu minimoa jartzeak «grebarako eskubidea urratzen» duela.

Negoziatzeko asmo «hutsala»

Urriaren 26an negoziazio mahaia eratu zen, baina sindikatuek azaldu zutenez, patronalak duela urtebete mahaigaineratu zuen proposamen berari eutsi zion, ondorioak hauek izanik: «Soldatak bere horretan mantentzea, aldi baterako kontratazio altua eta lan jardunaldiaren ordutegi malgutasunarekin jarraitzea, besteak beste».

Honen aurrean udalek beste aldera begiratu zutela nabarmendu zuten, «berez, zerbitzuaren ongizatea bermatu behar dutenean». Honen aurrean, Izaskun Guarrotxena EH Bilduko zinegotziak udalari exijitu zion bete ditzala etxez etxeko langileekin hartutako konpromisoak: «Udalbatzan lortu genuen akordioak baldintza horiek hobetzen zituen».