NAIZ
BILBO

Hilaren 16tik 25erako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba deialdia erregistratu dute

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hilaren 16tik 25era Gizarteko Ekimeneko ikastetxeetan egingo duten grebaren erregistroa duten Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzan. Erantzunik jaso ezean, protestak gogortuko dituzte eta greba mugagabea baztertzen ez dutela ohartarazi dute.

Hilaren 16tik 25era deitu duten grebaren erregistroa egin dute sindikatuek. (ELA)
Hilaren 16tik 25era deitu duten grebaren erregistroa egin dute sindikatuek. (ELA)

Lakuako Gobernuak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzara joan dira aipatu bost sindikatuetako ordezkariak, urtarrilaren 16a eta 25a bitartean antolatu duten greba deialdiaren erregistroa egiteko. 

Iragan abenduaren 19an izandako azken mahaian Gizarte Ekimeneko patronalek akordioetara iristeko erakutsitako borondate faltak «mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez» utzi ez diela salatu dute.

Sindikatuen izenean ELAko Miren Zubizarretak hartu du hitza eta, azaldu duenez, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei eskatzen diete beren gain har dezatela langileen baldintzekiko daukaten «ardura zuzena, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko».

Era berean, Lakuako Exekutiboari ere dagokion ardura bere gain hartu eta gatazka honetan jokatu beharreko papera joka dezala eskatu diote.

Planteatzen dituzten aldarrikapenei erantzunik eta irtenbiderik eman ezean, protesten dinamikarekin aurrera jarraituko dutela argi utzi dute eta, zentzu horretan, greba mugagabearen aukera ere baztertzen ez dutela ohartarazi dute.