GARA
BILBO

«Agortutako» eskola-jangela ereduaren alternatiba publikoa aurkeztu du LABek

Eskola jangelen eredua «agortuta» dagoela iritzita, eredu berri baten proposamena jarri zuen LABek mahai gainean: elikadura burujabetza, bertako produktuak, hezkuntza eta lan baldintza duinak ardatz dituena. Horretarako, zerbitzuaren publifikazioa aldarrikatu zuen.

LAB sindikatuak orain bi urte sortu zuen eskola jangelen inguruan hausnartzeko eta ondoren proposamen integral bat egiteko batzordea. Egungo jangelen eredua «agortuta» dagoela iritzi ziolako jarri zuen martxan ekimena, eta orain arte eman dituen ondorioak aurkeztu zituen atzo Bilbon duen egoitzan.

Batzorde honen hasierako helburua eskola jangelen eredua aldatzea izan bazen ere, aurrerantzean harago joko duela iragarri zuen LABek, eta tailerretako, adinekoen egoitzetako zein ospitaletako jangeletan ere esku hartuko dute.

Eskola jangelei dagokienez, egungoa ordezkatuko lukeen eredu berri bat proposatu zuen sindikatu abertzaleak, eta proposamenaren oinarrizko zutabeak aurkeztu: garrantzitsuena, kudeaketa «erabat publikoa» izango duela, finantza arazoak gainditu eta zerbitzu publiko bezala sustatzeko.

Bestalde, elikadura burujabetzan oinarrituko da. «Produkzioak agroekologikoa, sasoikoa eta bertakoa izan behar du eta lehen sektore indartsua behar dugu horretarako», azaldu zuten. Horrez gain, langileak hezitzaileak izango lirateke, «jangela ikasteko gunea» izan dadin.

Azkenik, langile horien lan baldintzak duinak izan behar direla aldarrikatu zuten, egun dituztenekin alderatuta «guztiz bestelakoak».

Sindikatuaren lehenengo helburua zentro guztietan sukaldeak egotea eta bertan kozinatzeko aukera bermatzea izango da.

Lan baldintzak

Ikerketa batzordeak emandakoaren balorazioa ere egin zuten LABekoek. Langileen baldintzen inguruan, gogorarazi zuten jangeletakoak azpikontratatutako beharginak direla, eta sektorea pribatizatzearen nahiak bitarteko langileen %63ko poltsa sortzea eragin duela.

Enplegu prekarioa, feminizatua eta aldi baterakoa dela salatu zuten, eta lan hitzarmena estatalizatzearen mehatxua «etengabea» da.

Azpikontratazioa «bortitza» dela nabarmendu zuten, «enpresen aberastasuna iruzurraren bitartez metatzeko». Bestalde, ordu gutxiko lana izanik, langileei «ezinezkoa» zaie jubilazio duina izatea.

Euskal Lehiaren Agintaritzak ebatzi zuen sektore honetako enpresek ez daukatela lehiarik beraien artean, eta sindikatuaren esanetan, horrek demostratzen du egungo eskola jangelen eredua janariaren prezioan oinarritzen dela.

«Urtero zazpi milioi euroko xahuketaz ari gara eta gure ustez, eragile politiko eta teknikoek ardura izan beharko lukete honetan. Hamabi urtez, murrizketak egiten zituzten eta langileak gaixotzeagatik zigortzen zituzten bitartean, enpresei zazpi milioi euro oparitzen zitzaizkien», salatu zuten.