
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuetako ordezkariek Emakunderengana jo zuten atzo, eta bilera egin bitartean, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Emakunderen egoitzaren atarian elkarretaratzea egin zuten. Emakunderi bitartekaritza lanak egitea galdegin zioten.
Martxoaren 8ko greba feministari so jarri dira sindikatuak, eta esan zuten sektore honetan emakumeen «berdintasun efektibo» baten bidean aurrerapausoak eman daitezkeela, lan baldintzak hobetuz, eta horrekin batera, bizi baldintzak.
Sindikatuetako ordezkariek gogorarazi zutenez, udal gehienak etxez etxeko arreta zerbitzuaren titularrak dira, eta gehienetan, zerbitzu honen prestazioa lehiaketa bidez azpikontratatzen dute. «Azken sei urteotan udalek eskaintzen duten ordu kopurua etengabe urritu da», adierazi zuten zentralek. Zehazki, murrizketa horien ondorioz, %30 inguru urritu dira udal batzuetan betetzen diren zerbitzu orduak.
Emakunderi igorritako txostenean argitzen denez, murrizketak ondorio negatiboak eragin ditu, bai erabiltzaileentzat eta bai langileentzat.
Gero eta ugariagoa den kolektibo baten «babes maila urritzea» eragin du, baita zerbitzuaren kalitatea ere, lanorduak murrizteak orduko egin behar dituzten zereginak gehitu dituelako. «Uste orokorra da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua behar dutenen pertsonendako arreta ez dela nahikoa, ez direlako nahikoak erabiltzaile bakoitzari esleitutako ordu kopuruak», argitzen du idazkiak. Halaber, zaintza lanak «aitortu gabe» jarraitzen dutela gogorarazten du.
Sindikatuek salatu zuten behin-behineko kontratupean zeuden langile ugari kaleratu dituztela, gehienak «lege iruzurren» bidez. «Hitzarmen kolektiboan ezarritako gutxiengoak ere ez dituzte betetzen», dio dokumentuak. Bestalde, azkenengo 5 urteetan erosahalmenaren %6 baino gehiago galdu dute beharginek sindikatuen esanetara.
Langileek «egunero» pairatzen duten jazarpen sexualean ere jarri zuten arreta. «Honen guztiaren atzean emakumeak esplotatzeko eraiki den sistema bat dago», ohartarazi zuten.

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

Hallan en Logroño el cadáver de una persona desaparecida en Gipuzkoa

La lista de Etxerat llega a 100 presos con la liberación de Julen Atxurra tras 30 años

Nafarroa celebra el tercer acto de reparación a víctimas de la tortura
