Navaleko langileak Bilbon manifestatu ziren atzo, Lakuaren ordezkaritzaren aurrean hasi eta PSEren egoitzaraino, konkurtso administratzailearen egoitzaren paretik igarota. EAJ eta PSOEren politika industrialen aurkako oihuak zabaldu zituzten eta, bide batez, kontratuak azkentzeko enplegu-erregulazio espedientearekin ados dagoen edo ez «publikoki» azaltzeko eskatu zioten Idoia Mendiari.
«Duela bi urte pare bat aldiz hurbildu zen ontziolara langileekin argazkiak atera eta konponbideak aldarrikatzen; eta gaur, Urkulluren zein Sanchezen Gobernuak babesten dituen honetan, agian pentsaera aldatu du eta bere iritzia jakin nahi dugu», adierazi zuen Juango Llorden batzordeko bozeramaileak.
Manifestazioa hasi aurretik, Llordenek konkurtso administratzailearen lana kritikatu zuen, enpresan egon zen hilabeteetan «inbertsorerik lortu ez zuelako eta egin nahi zuen gauza bakarra langileria ahal bezain laster kaleratzea izan zelako».
Orain bertan, 173 langile kanporatuko dituen likidazio plana epaile batek onartzeko zain daude. Ez dago data zehatzik, baina otsailaren hasieran izango dela aurreikusten dute beharginek.
Gasteiz eta Madrilen eskuetan
Langileek asanbladak egiten jarraituko dute, datozen mobilizazioak zehazte aldera. Hurrengo astelehenean, esaterako, Ezkerraldeko lau alkateekin bilduko dira, «beraien babesa jaso eta gurekin etor daitezen Madrilen otsailaren 12an egingo dugun manifestaziora; lan duinaren aldeko aldarrikapena nagusituko da». Mobilizatzeaz aparte, alderdi politiko guztiekin hitz egiteko asmoa dute, Estatu espainoleko aurrekontu orokorren aurreneko saioa izango baita egun horretan. «Guztiei azaldu nahi diegu egoera eta ikusten ditugun konponbideak proposatu; norbaitek plan hobea baldin badu, hori entzun eta agian gure babesa emango diogu», zehaztu zuen bozeramaileak.
Lakuako Industria Sailari ere batzar bat egiteko eskakizuna luzatu diotela jakinarazi zuten. Konponbidea, inbertsore pribatu baten laguntzarekin, Gasteiz zein Madrileko Gobernuek erostea dela azpimarratzen jarraitzen dute. Biak ala biak egoeraren erantzule direla nabarmendu zuen: «Bata, pribatizatzeagatik eta bestea pribatizatzearen alde jartzeagatik; beraz, urrezko aukera dute, prezio onean, ontziola erosi, langileria osoari lana eman eta industria osagarria mantentzeko».

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

Aparece el cadáver de una mujer en la playa de Itzurun de Zumaia

La lista de Etxerat llega a 100 presos con la liberación de Julen Atxurra tras 30 años

Denuncian ante la Fiscalía a CAF por su implicación en el tranvía de Jerusalén
