Maddi TXINTXURRETA

Amiantoa, osasuna nahiz pazientzia ahitzen dituen hori

Amiantoaren gaiari «argi apur bat jartzeko» elkartu ziren Bergaran material honek gertutik erasan dituen hainbat pertsona. Industriari emandako herrian, asko dira urte luzez amiantoarekin lan egin duten pertsonak, eta justizia eskatu zuten, kaltetu guztiak aitortu ete konpentsatu ditzaten.

Amiantoaren ondorioei buruzko mahai-ingurua egin zuten astearte iluntzean Bergaran, askotariko gaitzen sortzaile den horren inguruan bizitako esperientziak partekatu eta kaltetuak izan diren pertsonen nahiz senideen konpentsazioaren alde antolakuntzarako deia egiteko.

Mahaiaren atzean Ainhoa Larrañaga moderatzailea, Jesus Uzkudun Asviamie elkarteko kidea, Josu Zeziaga amiantoaren ondorioz hildakoen semea eta Jose Luis Loidi Arcelor Mittal Bergarako langile batzordeko kide ohiak zeuden; aurrean, berriz, dozenaka bergarar, amiantoarekin lan egindakoak asko.

Amiantoa «nonahi» dago, Uzkudunek ohartarazi zuenez, eta Zeziagak gertu pairatu ditu gai kimikoak dakartzan ondorioak, ama galdu baitzuen amiantoak eragindako gaixotasun batek jota. Amaren galeraz gain, ondorengoa ere «esperientzia gogorra» izan zen Zeziagarentzat. Lau urte eman zituen justiziarekin borrokan, amiantoak kutsatutako baten senide izateagatik zegokion kalte-ordaina lortzeko. Behin-behineko epaia aldekoa izan zuen, baina enpresak jarritako helegitea onartu zuen ondoren epaileak. Zeziagak, epaiketa galdu izanagatik ere, mezu argia eman zien Bergarako Irizar jauregira mahai-ingurua entzutera hurbildu zirenei: «Salatu egin behar da».

Aitortza eta ordaina

Jose Luis Loidik esperientzia sindikaletik heldu zion gaiari. Arcelor Mittal Bergarako enpresa-batzordeko kide izandakoak amiantoaren bueltan enpresak izan dituen «kontraesanak» argitara eman zituen. «Ni 1983an sartu nintzen eta amiantoa nonahi zegoen», adierazi zuen. Aceralia RERA (amiantoa izateko arriskua duten enpresak) zerrendan sartu zen 1986an, eta enpresan amiantodun materialak aldatzearen ondorioz zerrendatik kanpo geratu zen 1989an. «Baina guztiok dakigu, eta inongo zalantzarik gabe baieztatu dezakegu, 89tik aurrera ere amiantoa zegoela», ebatzi zuen Loidik.

Hala, enpresak 14 pertsona identifikatu zituen kaltetu gisa. Batzordeak gehiago zirela berretsi zuen eta Osalanera jo zuten, beraien ustez amiantoak kaltetutakoen zerrenda ematera. Hau egiaztatu zenean, orain bi urte, Arcelor Mittaleko 20 behargin inguru sartu zituzten kaltetutakoen zerrendan, eta geroztik, guztiek azterketa medikoak pasatzen dituzte aldizka.

Laneko Osasunerako Europako Agentziaren datuen arabera, amiantoak 21.000 pertsona hiltzen ditu urtean. Alemanian, 2008an 2.240 minbizi profesional diagnostikatu ziren, horietatik 1.769 amiantoak eraginda; Frantzian, berriz, 1.625. Espainiako Estatuko datuak oso bestelakoak dira: 21 hildako amiantoaren ondorioz.

Datuok ematen hasi zuen hitz-hartzea Jose Luis Uzkudunek, Jone Larrañaga moderatzaileak esan bezala «Euskal Herrian gai honen inguruan gehien dakien pertsonak». Estatu espainoleko zifrak gainerakoekin alderatuta horren txikiak izatearen arrazoia ez da amiantoa «hemen gutxiago erabili dela», Uzkudunen hitzetan, «goitik bideratutako konspirazio, isiltasun eta ezkutaketa» baizik.

Amiantoak «bertute» bat ere baduela esan zuen Uzkudunek. Izan ere, pleurako mesotelioma gaixotasuna eragiten duen substantzia bakarra da, eta horrek lagundu du kaltetutako pertsonak badaudela frogatzera.

Elkartean lanean eman duen denboran askotariko kasuak artatu ditu Uzkudunek, eta horietako askok ez dute kontaktu iraunkorrik izan amiantoarekin; are, nahikoa izan dute bulegotik tailerrera aldian behin jaistea biriketako, laringeko, esofagoko edo amiantoak eragin dezakeen beste edozein minbizi izateko.

Amiantoak kaltetutako pertsona guztiak aitor ditzaten eta kaltetu zein senideek konpentsazioa jaso dezaten borrokarako deia egin zuen: «Ez pentsatu inork arazo honi irtenbidea emango dionik. Ez Osalanek, ez enpresak, ezta medikuek ere. Antolatzen ez bagara, jai daukagu», esan zuen irmo.