Jon Ormazabal

Emakume Master Cup, txapelketaz harago, harrobia ere bada

Zumarragan jokatuko diren finaletako zortzi pilotarietatik seirentzat lehen finala izango da igandekoa, bostek 20 urte baino gutxiago dituzte

Finalistak Zumarragako Antion egin den aurkezpenean (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Finalistak Zumarragako Antion egin den aurkezpenean (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Emakumeen kirola, kasu honetan esku pilota, ikusgarriagoa egiten garrantzia handia hartu du Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak, baina hortik harago, «harrobi lan» bikaina ere egin du, orain arte lehiatzerik izan ez duten neska askori horretarako aukera emanaz. Txapelketa erabat irekia da eta aurten 110 pilotarik hartu dute parte, horietako asko oso gazteak, igandean Zumarragan jokatuko diren finaletan argi ikusiko den bezala. Adibide bezala, promozio eta lehen mailan arituko diren zortzi pilotarietatik seirentzat lehen finala izango da Beloki pilotalekukoa eta horietako bostek ez dituzte oraindik 20 urte bete. Promozioko finalean arituko diren Uxue Oses eta Madalen Etxegarai oñatiarrek esaterako, 13 urte baino ez dituzte.

Elite mailan, dagoeneko ezagunak egin dira Leire Etxaniz, Binakako txapel guztiak jantzi ditu Olatz Arrizabalagarekin batera, eta Patri Espinar, lau eta erdiko azken txapelduna, eta euren arteko lehian beste bi gazteren laguntza izango dute, Leire Garai gasteiztarrarena Etxebarriakoak eta Mirian Arrillagarena Usansolokoak. Finalerdiei erreparatuta, lehia orekatua espero da eta finala 22 tantora izanda, lan asko egin beharko du txapela irabazi nahi duenak. Espero da Etxaniz-Garaik jokoa atzean kargatuko dutela, Patri Espinarren joko bolada bikaina saihestu aldera.

Promozio mailakoa, gipuzkoarren arteko lehia izango da, Maria Granado eta Ainhoa Lakuntzak (Hernani eta Adunakoak) Uxue Oses eta Madalen Etxegarai oñatiarren aurka jokatuko dute. Gazteagoak izanagatik, txantxikuek esperientzia apur bat gehiago izan dezakete lehiaketan.

ETBrekin akordioa

Aurkezpenean jakitera eman dutenez, Emakume Master Cup txapelketa eta ETB akordio batera heldu dira, hurrengo hiru urteetan ere, lehiaketa hauetako partidarik garrantzitsuenak telebistaz zuzenean eman ahal izateko.