@MartxeloDiaz
GARES

Txupinazo giroan abiatu da Korrika Garesko plazatik

Garesko Mena plaza jende gainezka egon da 21. Korrika nola abiatu den ikusteko eta gertutik bizitzeko. Ilzarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako ordezkariak izan dira lekukoa hartzen lehenak.

Korrikaren lehen metroak, Garesen. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Korrikaren lehen metroak, Garesen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Martxan da dagoeneko 21. Korrika. Garestik abiatu eta Lizarrarako bidea hartu du dagoeneko. Gero Tutera eta Tafalla pasako ditu, Iruñera heltzeko. Eta bertatik, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatu ondoren, Gasteizen amaituko da.

Jendetza bildu da Mena plazan eta bidea egin behar izan diote Korrikari. Txupinazoaren antza hartu du lasterketaren hasierak. Izan ere, eguraldiaren beldur zenak kezka hori uxatu du, eguzkia lagun izan baitute. Bero handirik ere ez zuen egiten, korrika egiteko giro aproposa, beraz.

Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen politika berri bat aldarrikatu dute oholtzatik. Izan ere, Gares «eremu mistoan» kokatua dago. Inguruko beste herri batzuk «zonalde ez euskalduna» delakoan kokatzen dira. Eskubide hauen bermaren isla bezala Korrikaren laugarren kilometroa eskualdean «eremu mistora» pasatzea eskatu duten alkateek hartu dute lekukoa.

Ilzarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako ordezkarien ondoren, bigarren kilometroa Garesko Udalaren eskuetara pasa da. Hirugarrena Zabaltzagain guraso elkartearentzat izan da eta laugarrena, esan bezala, «eremu mistora» pasatzea eskatu duten alkateentzat. Ondoren, Garesko ezker abertzalea, Garesko gazte asanblada, Artazu, Izarbeibarko Mankomunitatea, Garesko eskolako irakasleak, Emun euskara taldea... eta abar luze bat. Denok euskaren alde korrika.