Arnaitz Gorriti

Oriok aldea hartu du emakumeen estropadan, baina ez du ezer erabaki

Arraun Lagunak, Hibaika eta San Juan «Txiki» traineruarekin batera datorren domekako ohorezko txandan. Bigarren luzean zabaldu dute oriotarrek beren aldea.

Orio nagusitu da Kontxako lehen jardunaldian. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Orio nagusitu da Kontxako lehen jardunaldian. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Oriok bideratu du Emakumeen 12. Kontxako Bandera bere bitrinetarako. Bigarren domekan zereginik izango du hala ere, Arraun Lagunakekin batik bat, denboraldi osoan gertatu den moduan. Alabaina, «Lugañenek» nahikoa lan izango du aurreneko jardunaldiko 6.62 segundoko aldeari buelta ematen. Bestetik, ikusgarri beste adjektiborik ezin du izan Hibaikak eta San Juango «Batelerek» datorren domekan ohorezko txandan lekua lortu izana. Kontuan izan behar da ETE Ligatik datozela traineru hauek biak, eta Euskotren Ligan arraun egin duten Hondarribia –bosgarren– eta Donostiarra –zazpigarren– alde nabarmenaz atzean laga dituztela. Horra hor datorren asteko ohorezko txanda, Kontxako badian onenak besteengandik bereizi ostean.

Hondarribia, Riveira, Donostiarra eta Zumaia lehen txandan lehiatuko dira datorren jardunaldian. Orio, Arraun Lagunak, Hibaika eta San Juan, ohorezko txandan izango dira.

Uste baino itsaso garbiagoa aurkitu dute arraunlariek, ziaboga parean batik bat, eta hantxe probestu du «Txiki» traineruak bere alderik handiena ateratzeko. Kosta egin zaio Oriori aldea ateratzea, Hibaikak sekulako erresistentzia ezarri baitu, aurreneko luzean batik bat. Hondarribiarekin buruz buruko lehia zuzena izan dute Errenteriakoek eta maila bat goragoko aurkarien artean, baina azkenean lehenengo txandako bigarren postuaz konforme geratu behar izan dute. Izan ere, ziabogarern ostean beste estropada bati ekin dio Oriok. Nadeth Agirre patroiaren aginduetara, aldea askoz errazago ireki dute, gainontzeko traineruek beherantz egin duten bitartean.

Oriotarren denboren jakitun, Arraun Lagunak segundo bakar bat atzetik izan da ziaboga egiteko orduan, baina itzulerako luzean oriotarrak finago aritu dira. San Juango «Batelerak» uste baino gertuago izan du «Lugañenek» eta ezinegon horren erruz, unetxo batez maila jeitsi egin du Donostiako «beste» traineruak. Dena dela, denboraldiko azken estropadan zernahi gertatzeko modua izango da, azken orduan ostera ere alde egitea lortu baita eta ondorioz, estropada erabakitzeko adinako alderik ez da izan.

Bestetik, Riveirak atzetik aurrerako estropada egin du eta Zumaia eta Donostiarra atzean lagatzen asmatu du. Pasai Donibaneren inguruan ere ibili da bigarren luzeko zatitxo baten, baina azken buruan ezin izan dio erritmo horri eutsi eta seigarren postuaz konforme izan beharko du. Dena dela, datorren asteko emakumeen estropadak zeresan dezente emango du, bai ohorezko txandan nola aurrenekoan ere.

Iñaki Arostegi –Orio–: «Kontxako bandera eramateko pauso sendo bat eman dugu»

«Egia da kanporantz kosta egin zaigula. Ez gara hain txukun joan eta ez genuen erreferentziarik, komunikazioa eten zaigulako. Gero ziabogan urak kanporantz tira egiten zuen, baina barrurantz konpondu gara», onartu du Orioko patroiak.

Orioko delegatu Iñaki Arostegi baikorrago mintzatu da lehorretik. «Gure tanda ongi menperatu dugu, nahiz eta Donostiarra eta Hondarribia Euskotren Ligan gurekin ditugun eta Hibaika bera ere menpean hartzea kostako zaitzaigula jakin. Kanporantz zein barrurantz azkarrenak izan gara, barrurantz are hobeto gainera. Azkenean sei segundo pasa atera dizkiogu Arraun Lagunaki... Tira, aurreneko postuan geratzea zen garrantzitsuena datorren asteari begira, eta nik uste pauso handi bat eman dugula», iritzi dio. «Bagenekien lehenengo igandean ez zela bandera erabakiko, baina nik uste pauso sendoa eman dugula datorren igandea hona itzuli eta ohorezko txanda irabazten ahalegintzeko», bukatu du bere jarioa.

Xubane Uribarrena –Arraun Lagunak–: «Datorren igandean irabazteko aukeratik badugu, irabaztera etorriko gara»

«Joaneko luzean segundo batera geundela esan digute, eta itzulerakoan ere sei segundo horiek baino gertuago geundela uste genuen. Baina San Juan kristoren indarrez etorrri da gure atzetik, uberan sartu zaigu eta irla parean horrek pixka bat antsietatea sortu digu; akaso hor galduko genuen gehiena», onartu du arraunlari donostiarrak. Dena den, itxaropentsu azaldu da datorren asteburura begira. «Esperantzarik inoiz ere ez dugu galtzen. «Euskotren Ligan, Lekeition lauzpabost segundo atzetik sartu ginen eta azkenean beste bost sartu geniezkien. Etxean ari gara eta ezer galtzeko ez daukagu; presio guztia Oriorena da. Datorren igandean guztiarekin etorriko gara, eta irabazteko aukeratik badago, irabaztera», bota du.

Itziar Eguren, Arraun Lagunakeko presidenteak ere, itxaropentsu egin du berba. «Hainbeste gauza gertatu dira Kontxan, ezin dela ezer ere ezinezkotzat eman. Irekia dago estropada. Oriok estropada ona egin du, baina egia esan sei segundo ez dira asko. Lehia polita dator, atzetik dauden Hibaika eta San Juan ere oso gertu daudelako. Kontxari beste puntu bat ematen ari zaio emakumeen estropada», adierazi du.

June Mikeo –Hibaika–: «Ohorezko txandan sartea sinestezina da»

ETE Ligako txapelduna da Hibaika, baina Kontxako banderako aurreneko estropadan Orio eta Arraun Lagunak bakarrik izan ditu aurretik. Hargatik, June Mikeo arraunlaria pozarren mintzatu da. «ETE Liga irabazi dugu, bai, baina hau Kontxa eta hirugarren izanda ohorezko txandan sartea sineztezina da. Gure bertsiorik onena ematera etorri gara eta mementuz lortzen ari gara. "Handiekin" borrokara etorri gara eta hain urruti ez gaudela ikusi dugu. Hitzik gabe nago egin dugunaz eta "handiekin" gozatzera joango gara eta noski, amets egitea libre da, izan ere hamar segundo ez dira hainbeste», onartu du.