Arima biluzten du pianoaren aurrean Joserra Senperenak (Donostia, 1965), librea da, askea. Eta entzuleak hegan egiten du bere akordeekin. Piano soila, hutsa, beste ezer ez du behar alboan osatzeko. Osoa badelako. Ez da ezer faltan somatzen. ‘Existentzia minorrak’ lanak argia ikusi du gaur, udazkenarekin batera. Neguan hasi zen konposatzen eta udaberrian grabatu zuen, iragan maiatzean Victoria Eugenia Klubean.
Aurreko lanak instrumentazio handikoak ziren, hau ordea instrumentu bakarrekoa da. «Gogoa nuen», aitortu du prentsaurrean. Orotara 25 pieza konposatu zituen, eta beste bospasei errekuperatu, aurretik eginak zituenetatik. Azkenean, 16 aukeratu ditu. ‘Elkarren orbainak’, ‘Kanibalak!’, ‘Ekaitza’ eta ‘20:30’ dira, besteak beste, kanten tituluak. Honen inguruan azaldu duenez, Euskadiko Filmategiak Buster Keatonen zikloa antolatu zuenean, ‘The navigator’ filmaren proiekzioan musika zuzenean jartzeko eskaini zioten, eta Senperenak aukera onartu ezbairik egin gabe. Hain zuzen, ‘Existentzia minorrak’-erako pare bat pieza errekuperatu ditu. «Diskoa egiten ari nintzela ezin nituen pelikula hartako eszenak burutik kendu», aitortu du.
Musika egiten duenean ez du mugarik. «Horretan saiatzen naiz. Ez dut kontutan hartu nahi musika estilistikorik. Hori ez zait interesatzen ez musikari bezala, ez entzule bezala», erantsi du.
Diskari izena jartzerako garaian, David Lapojaude filosofo frantsesaren ‘Les existences moindres’ liburuan inspiratu da. «Izenburu horrek oso ondo definitzen du diskoan dagoena. Egile honek, 1930eko liburu batean oinarrituz, agerian ez dauden gauzen balioa goraipatzen du. Ezagutzen ez dugunak duen potentzialtasuna interesatzen zaio, eta hori oso ideia interesgarria iruditzen zait», azaldu du Senperenak.
Diskoak ez du promoziorik izango, autoeditatua delako, baina aurreratu duenez, kontzertua eskainiko du datorren urtarrilaren 24an Victoria Eugenia antzokian.

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»

Cárcel a un hincha de la Real enfrentado a la Ertzaintza tras ‘duplicar’ la imputación inicial

Protesta ante la actuación de la compañía israelí Hofesh Shechter en el Teatro Arriaga de Bilbo

El Memorial indigna a la familia de ‘Naparra’ al señalar a ETA; el BVE lo reivindicó tres veces
