NAIZ

Lehenengo helegitea errefusatua izan ondoren, bigarren bat aurkeztu du Maiorga Ramirezek

EAko Hauteskunde Antolaketa Batzordeak Maiorga Ramirezek aurkezturiko helegitea errefusatu eta Eba Blanco idazkari nagusi izendatu du, baina kritikoen ordezkariak lehiari eutsiko dio, oraingoan Berme Batzordera joaz. Erabakia kidegoak hartu beharko lukeela berretsi du Ramirezek.

Ramírez eta Garaikoetxea, larunbatean, EAko gainerako kritikoekin batera. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Ramírez eta Garaikoetxea, larunbatean, EAko gainerako kritikoekin batera. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EAko Hauteskunde Antolaketa Batzordeak ez du Maiorga Ramirezek jarritako helegitea onetsi, eta ondorioz idazkari nagusigai izateko eskubiderik ez duela berretsi du. Hala ere, tirabira ez da honetan amaituko, Ramirezek Berme Batzordera joko duela aurreratu baitu, «kidegoak hitza izan dezan bide guztiak agortuz».

Hauteskunde Antolaketa Batzorde honek erabaki duenez, «Ramirez aurrehautagaiak aurkeztutako hainbat abalek ez dituzte 7. artikuluko F puntuko 2. eta 6. atalak betetzen. Maiorga Ramirezek ez ditu eskatutako baldintzak bete abalen inguruan, izan ere ez ditu eskatzen ziren bost lurraldetako abalak lortu. Zehazki, abaletan honako irregulartasunak aurkitu ditugu: NANik gabeko hiru abal, bikoiztutako lau abal, aurkeztutako NANarekin bat egiten ez duen abal bat, abalatzen duen hautagaitza aipatzen ez duten bi abal, ustez emandako boterea aurkezten ez duen abal bat, epez kanpo aurkeztutako bi abal. Ohartu gara, halaber, pertsona batzuek bi hautagaitzak abalatu dituztela, 7. artikuluko F puntuko 4. atalari aurka eginez, eta beraz, ez dira kontuan hartuak izan inoren hautagaitzarako».

Erabakia jakin ondoren, ezer baino lehenago Batzorde honen kide guztiak «Eba Blancoren hautagaitzaren aldekoak» direla aipatu dute EAko kritikoek. Ebazpena «esperpento»tzat jo dute eta pertsona zein alderdiko erakunde ugariren aurka egiten duela salatu dute.

Hau dela eta, Berme Batzordearen aurrean bigarren helegite bat aurkeztuko dutela esan dute. Eta aldi berean, idazkari nagusia nor den EAko kideek erabaki behar dutela berretsi du. «Hori egin ezean, zein sinesgarritasun izango du Eva Blancok, kidegoaren aurrean zein beste alderdien aurrean?», galdetu dute.