Eguraldi ederra lagun izan dute aurten Plaza Barrian indabak prestatzen aritu diren indaba lehiaketaren taldeek. 69 putxera eta lapiko aurkeztu dira, igande honetan Jaietako Batzorde Mistoak antolatutako lehiaketa gastronomikoan. Epaimahaian parte hartu du Farolinek gaur eguerdian, lapikoak banan-banan dastatzen eta baloratzen. Berarekin batera Jai Batzorde Mistoko hainbat kidek eta zenbait sukaldarik jardun dute epaile. Putxerak izan dira aurkeztutako gehienak, eta, Bilboko Konpartsen webgunean argitaratutako oinarrien arabera, indaba zuriak eta verdinak ez iren onartzen.
Orokorrean «oso maila ona» egon dela izan da epaileen arteko iritzi orokorra. «Adibidez, lapiko beganoak gero eta landuagoak daude, urdaia bota ezin duten arren», azpimarratu du Zuriñe Sanchez sukaldari eta gozogileak. «Hiru alderdi aztertzen dira: lehenik puntua, indaba ondo egosia egotea; ondoren aurkezpena, indaba ez dadila apurtuta egon; eta, azkenik, zaporeari erreparatzen diogu», azaldu du Javier Izarrak, Tamarises Izarra jatetxeko sukaldariak.
Anino (Urduña) izan da lehiaketaren irabazlea, Ieltxu eta Amets (Barakaldo) eta Txoko Soperen (Sopela) aurretik. Konpartsen artean Txomin Barullo izan da irabazlea, Altxaporrue eta Txori Barroteren aurretik.
Aratusteetako egun gehienak igaro diren arren, oraindik ez dira bukatu. Astelehen goizean, umeentzako ekintzak eta familientzako kontzertua izango dira Plaza Barrian; eta asteartean, goiz zein arratsaldez, umeentzako ekintzak izan ondoren, Sardinaren erreketa egingo da Arriaga Antzokiaren aurrean, 20.00etan.