NAIZ

Seaskak jasoko du Elkar Fundazioaren Ibilbideari Saria

Euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana errekonozitu dio Elkar Fundazioak Seaskari Ibilbideari Saria emanez. Eskolaren bidez 50 urte luzez euskararen alde Ipar Euskal Herrian egindako lana baloratu du, hezkuntza euskalduntzeko «akuilu» izan delako.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria da. (Guillaume FAUVEAU)
Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria da. (Guillaume FAUVEAU)

Guraso talde baten ekimenez, Baionan hasi eta 1969an ofizialki finkatu zen Arrangoitzen Seaska. Bost ikaslerekin zabaldu zenetik, etengabea izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana: milaka ikasle eskolatu ditu euskaraz, eta hezkuntza euskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian.

 «Lan handia egin du eta ez baldintza onetan, oraindik euskara ofiziala ez den eremu batean egin behar baitu bere lana». Hitz hauekin azaldu du Elkar Fundazioak aurtengo Ibilbideari Saria Seaskarentzat erabaki izana.

Urtero, udaberrian egiten den Elkar Sariak banatzeko ekitaldia aurten egingo ez den arren, sariak bai banatuko dira. Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazleak jasoko duela iragarri ostean, ostegun honetan baieztatu du Ibilbideari Elkar Saria Seaskak jasoko duela.

Elkar fundazioak ohar bidez azaldu duenez, «oztopoak oztopo», guraso eta irakasleen engaiamendu eta kemenari esker, Seaska indartzen eta zabaltzen joan da, eta gaur egun 37 ikastetxeko sarea du. Guztira, 4.000 ikasle ari dira ikasten ikastetxe horietan. «Seaska herri ekimenaren emaitza da hastapenetik eta baita ere bere iraupenean. Adibide argia da ikusteko zein baliotsua izan daiteken herri gogoa, ondo artikulatzen jakiten bada», erantsi du Joxemari Sorsek Elkar Fundaziotik.

Seaskak esker onez jaso du aitortza, eta Elkarrekin duen aspaldiko harreman estua gogoratu du Peio Jorajuriak Seaskako lehendakariak. «
Elkarreko liburu eta diskoak gure haurren altxorra izan dira. Momentu zailenetan, elkar lagunduz lortu dugu oztopoak gainditzea; lehen bezala orain, eta geroan ere lortuko dugu», adierazi du Youtube bidez zabaldutako bideo batean.

Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukera dagoenean emango dio Elkar Fundazioko patronatuak Seaskari.