ASIER AIESTARAN

Jakak eta Albisuk ikuskizuna emanez lortu dute Caixabank Masterseko lehen puntua

Gipuzkoarrek 17-22 menderatu dituzte Elezkano II.a eta Aretxabaleta Zeanuriko pilotalekuan. Neurketa parekatua izan da, tanto on asko eta huts gutxikoa, eta Lizartzako aurrelaria nabarmendu da dozena bat erremate eder sinatuz.

Jaka ikusgarri aritu da hasieratik amaierara (FOKU)
Jaka ikusgarri aritu da hasieratik amaierara (FOKU)

Asteazkenean Eibarren hezetasunak eragotzi zuen ikuskizuna ostiral gauean eskaini dute Aspe eta Baiko Pilotako protagonistek Zeanurin. Bertan, Jaka eta Albisu 17-22 nagusitu dira Elezkano II.a eta Aretxabaletaren kontra, Caixabank Masterseko lehen puntua eskuratuz.

Neurketa parekatua izan da, ongi jokatua, tanto on asko eta huts gutxikoa, eta laukotean Erik Jaka nabarmendu dela esan liteke, dozena bat erremate bikain sinatuz. Jon Ander Albisuk ere oso serio jokatu du atzean, ia hutsik egin gabe, eta bere aurrelariak ederki baliatu ditu aurrean izan dituen aukerak.

Gorriak ere ez dira gaizki aritu. Albisu bezalaxe, Andoni Aretxabaleta ere oso fin ibili da hasieratik amaierara, ia ez du pilotarik galdu, eta agian Danel Elezkano izan da bere mailatik apur bat beherago ibili dena. Zaratamokoak hiruzpalau pilota galdu ditu aurreneko zatian, baina bera ere azkar zuzendu da eta bigarren zatian erremate eder askoak sinatu ditu.

Materialaren arabera

Aurreneko abantailak urdinenak izan dira, 1-5 eta 4-10 aurreratuz. Albisu gozatzen ari zen atzean eta Jakak argi utzi du geldialdiak ez diola kalterik egin: Binakako Txapelketan erakutsitako zorroztasun berdinarekin erraz amaitu ditu tantoak.

Baina gorriek ateratzen zuten pilotarekin gehixeago sufritu dute, eta markagailuan ere antzeman da hori. Lanean serio jarraituz, tantoak gogortuz, bikote bizkaitarra gai izan da tanto bakarrera hurbiltzeko birritan: 9-10ean eta 14-15ean.

Baina bi une garrantzitsu horietan Erik Jaka izan da kale edo bale arriskatu eta markagailuko aginteari eusteko giltza aurkitu duena. Bigarren aldian, gainera, 14-15etik 14-20ra joan dira gipuzkoarrak eta neurketa ia erabakita utzi dute.

Azkenean, merezi zuen bezala amaitu du dema Jakak, txokoan egindako tanto ikusgarri batekin.