Amaia U. Lasagabaster

Helburua lortuta, motibazioa bilatu behar dute Eibarrek eta Valladolidek

Lehen mailan jarraitzeko puntuak eskuratu ondorengo lehen partida jokatuko dute talde biek bihar Ipuruan (18.30). Filialak igandean igoera play-offa lehiatuko duela kontutan hartu du Mendilibarrek eta hogeiko deialdia besterik ez du osatu.

Ipuruan kamiseta gorri-urdinarekin jokatuko duten azken partida izango da askorentzat biharkoa. (SD Eibar)
Ipuruan kamiseta gorri-urdinarekin jokatuko duten azken partida izango da askorentzat biharkoa. (SD Eibar)

Larregizko urduritasuna komenigarria ez bada, lasaitasunak ere lana oztopatu dezake, larregizkoa denean. Hori izango da Eibarrek bihar aurre egin beharko dion arrisku handienari, Lehen mailan jarraitzeko puntuak eskuratu ondorengo lehen partida jokatuko baitu. Baitute, hain zuzen ere, Valladolid egoera berdin-berdinean helduko baita Ipuruara. Horrela, aurreko jardunaldietan lehen gola hartu badu gakotzat José Luis Mendilibarrek, oraingo honetan mentalizazioa eta konzentrazioa hobe lantzen duenak izango ditu norgehiagoka irabazteko askoz haukera handiagoak.

«Talde biok lortu dugu gure helburua eta hau izango da bion lehen partida lortu ondoren, ikusi beharko da nola zelairatzen garen. Baina nik nahi dut taldea ondo irten dadila, agintzen, goian presionatzen… Ondo amaitu nahi dut; hau da, ondo jokatzen irabazten ahalegintzeko. Gerta daiteke aurkaria hobea izatea eta berak irabaztea. Ondo dago baina gutxienez gu ahalegindu behar gara, ondo jokatzen, Ipuruari agur on bat eskaintzeko. Badakigu gure jendea ez dela zelaian egongo baina ziur nola edo hala jarraituko gaituztela eta eurengatik ere partida irabazten saiatu behar gara», esan du entrenatzaile armaginak. Beste helburu bat ere badaukate gorri-urdinek denboraldi amaiera honetarako, «ahal dugun postu altuenean amaitzea. Valladolid gaindituz gero, sailkapenean ere gaindituko dugu. Eta hobea da 13. postuan amaitzea 14.ean baino. Eta helburu horrekin jokatuko dugu, gugaitik, zaleengatik eta klubarengatik».

Motibazioa motza geratzeko arriskua dagoela onartu du Mendilibarrek, hala ere, tentsioa eta konzentrazioa mantentzea «ez baita erreza, oso denboraldi konplikatua izan delako. Arlo guztietan. Egin dugun jokoarengatik, emaitzengatik, gero pandemia, etxean geldituta egon garen denbora, itzulera nolakoa izan den, bete behar izan dugun protokoloa… larregi izan da. Orain lortu dugu nahi genuena, sakonki hartu dugu arnasa eta saiatu behar gara ostegunean berriro lehiakorrak izaten». Lehiakortasuna izan da, hain zuzen ere, bere taldeak lortutakoaren gakoa, zaldibartarraren esanetan. «Zalantza handiak zeuden, geureak ere, konfinamenduaren bueltan. Jende askok hitzegin zuen taldearen adinari buruz, zailagoa egingo zitzaiola forma berreskuratzea, lesionatzeko arrisku handiagoa eukiko zuela… Baina jendea oso ondo egon da. Batez ere, partida guztietan lehiatu dugu, joku hobe edo eskasagoarekin baina lehiatu, guztietan lehiatu dugu. Eta gainera zortea izan dugu lesioekin, horrek lagundu gaitu maila eta lehiakortasuna mantentzen», azaldu du.

Lesioak gutxi izan arren, deialdia 20 jokalarikoa besterik ez da izango. Vitoriak 2.Bra igotzeko play-offera ekingo dio igandean eta, bere taldearen lanak eginak dagoenez, Mendilibarrek nahiago izan du azken asteotan bere deialdietan egon izan diren Atienza, Marí edota Cubero aske uztea filialarekin jokatu daitezen. Eta lehen taldeko Ramis eta Arbilla kanpo geratuko direnez –nafarrak minutu batzu euki zituen Cornellà baina ez dago zergatik arriskatu behar oinazpian dituen arazoekin–, 20 futbolarikin geratu da entrenatzaile bizkaitarra.

Mendilibar, «gustora» Eibarren

Horietako askorentzat, Ipuruan kamiseta gorri-urdinarekin jokatuko duten azken partida izan daiteke. Baliteke Mendilibarren beraren kasua izatea ere. Igandean amaituko da bere kontratua, eta momentuz ez dago bera luzatzeko akordiorik, ez eta parte bien arteko negoziaziorik ere. Entrenatzailea oso nekatuta dagoela onartu du, baina baita Eibarren oso gustora sentitzen dela ere. Edozein kasutan, erabakiak azkar hartu beharko dira, uda berezi honetan. «Denboraldi luzea eta gogorra izan da aurtengoa, gauza asko gertatu dira –azaldu du–. Hitzegin beharko dugu. Urtero hitzegin izan dugu helburua eskuratzean, inoiz hori baino lehen, eta orain gauza bera egingo dugu. Egia da denbora larregi ez daukagula, hurrengo denboraldia laster hasiko denez, gehienez oporretako 3-4 aste eukiko baititugu. Azkarrago egin beharko dira gauzak. Klubak nahi duena planteatuko du, guk gurea eta bion arteko adostasuna lortzen saiatu beharko gara», adierazi du. Eta azken egunotan bere etorkizuna Ipuruatik kanpo kokatzen duen hainbat zurrumurru sortu bada ere, Mendilibarrek argi utzi du «gustora» dagoela Eibarren. «Gustora nago, ondo nago, etxean nago… Askoz gehiago ezin dut eskatu», aitortu du.