Imanol Carrillo

Hondarribiak arrantza egin du, bigarren txandatik, Lekeition

«Ama Guadalupekoa» traineruak, hiru segundoko zigorra barne, erakustaldia eman eta garaipena erdietsi du. Kaltetuena gaur arte liderra zen Santurtzi izan da, hamaikagarren amaitu baitu estropada eta puntu dexente galdu dituelako, bigarren postura jaitsiz. Urdaibai da lider berria.

Hondarribiako trainerua Lekeition garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Hondarribiako trainerua Lekeition garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Harrigarria badirudi ere, Hondarribiak garaipena errepikatu du bigarren txandatik. Oso irregularra izaten ari da «Ama Guadalupekoa» ontziaren denboraldia, baina dagoeneko bi estropada eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi ditu. Eta Euskadiko Txapelketa dator datorren ostiralean, Lekeition baita ere; eta Espainiakoa asteburuan Pedreñan.

Gaur, Lekeitioko uretan, bigarren txandan aritu da. Hondarribiak hiru segundoko zigorra jaso du lehen luzean Caboren kalean sartzeagatik. Horrek ez dio buruhauste handiegirik sortu. Berea egiten jarraitu dute arraunlariek eta, nahiz eta lehen ziaboga txarra egin –Zarautzek egindako denbora ezin izan dute hobetu–, distantzia handitzen joan dira estropadak aurrera egin ahala.

Bigarren ziabogan 4 segundoko aldea zuten hondarribiarrek Caborekiko, hirugarren ziabogan 13 segundokoa zen, eta azken luzean Cabok hiru segundoko zigorra jaso du Zierbenaren kalean sartzeagatik. Bizkaitarrak sendo zetozen atzetik, baina azken metroetan ezin izan dute Cabo aurreratu.

Hala, Hondarribiak eraman du txanda, bigarrenarekiko 19 segundoko aldearekin. Hiru segundo gehitu behar izan zaizkio Hondarribiaren denborari, baina hala ere txandako irabazlea izan da eta estropadakoa ere.

Ohorezko txanda: Urdaibai garaile eta lider

Hondarribiaren denbora eta erakustaldia ikusita, lau traineruek bazekiten lana gogotik egin beharko zutela. Haizeak gora egin du txanda honetan eta Donostiarra izan da buruan lehen hiru luzeetan.

Azken luzean, Urdaibaik Donostiarra gainditu du eta Hondarribiaren denbora hobetzeko ahaleginak egin ditu. Baina ezin izan du hori lortu. Beste sari potoloa lortu du, ordea: Eusko Label Ligako lidertza.

Bestalde, Oriok laugarren kale txarretik egin du arraun, eta asko sufritu behar izan du. Ohorezko txandako hirugarren postua eskuratu ahal izan du, behintzat, baina zortzigarren amaitu du, hamaikagarren izan den Santurtziren aurretik.

1. txanda: Zarautz, irabazle zigorra jasota

Estropadari hasiera emateko Zarautz eta Ondarroak lehia ikusgarria eskaini dute Lekeitioko uretan. «Enbata» ontzia izan da jaun eta jabe luze guztietan, baina itzuleko bi luzeetan bizkaitarrek tosta erakutsi diete gipuzkoarrei.

Lehenengoan, estropadako bigarren luzean, Ondarroak olatu ona hartu eta Zarautz gainditzea lortu du ziabogara iritsi aurretik. Hala ere, «Enbata» izan da lehena maniobra egiten.

Hirugarren ziabogan, Zarautz bost segundoko aldea zuen Ondarroarekiko, baina bizkaitarrek beste erakustaldia eskaini dute, aurkaria harrapatuz. Ureko epailea adi egon behar izan du bi traineruek ez ukitzeko, eta Zarautzi norabidea aldatzeko eskatu dio.

«Enbatak» ez du kasurik egin eta lehena sartu da helmugan. Ondoren, hiru segundoko zigorra jaso du, baina Ondarroaren aurretik jarraitu du, bizkaitarrak 3.15era sartu baitira.

Atzerago, 12 eta 13 segundora, iritsi dira Ares –hirugarren kaletik– eta Kaiku –laugarren kaletik–.

Eusko Label Ligak geldiunea izango du datorren asteburuan, izan ere Euskadiko Txapelketa ospatuko baita hilaren 31n, ostiralean, Lekeition; eta Espainiako Txapelketa datorren asteburuan Pedreñan.