Arnaitz Gorriti

Traineruak ibaiko sorginkeriei ihes egin nahian ibiliko dira asteburuan

Eusko Label Ligaren paroketasuna hausteko bidea izan liteke Santurtziko eta Sestaoko estropadetan. Mareen eragina eta korronteen indarrak lanak emango dizkie arraunlariei.

Santurtzik etxean Eusko label Liga irabazteko kolpea eman nahiko du. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Santurtzik etxean Eusko label Liga irabazteko kolpea eman nahiko du. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Abuztuko azken asteburuan Eusko Label Liga Galizian izango da eta ez dira orduan inondik ere faltako «Meigen» inguruko komentarioak, gure uretan sorginkeriarik ez balego bezala. Aurtengo Eusko Label Liga da testigurik zehatzena estropada askotan sorginkeriaz sorginkeria ibili direla traineru ezberdinak, ezin asmaturik sabaia edo hondoa joko duten. Bada, ibaiko sorginkeriei ere ihes egin beharko diete txalupek Santurtziko eta Sestaoko estropadetan, hurrenez hurren.

Euskotren Liga kitatu den honetan, 18.00etan ekingo diete Eusko Label Ligako arraunlariek larunbatean Santurtziko XLI. Ikurrinari. Antza denez, marea gorantz dela egin beharko dute lana, bada horrek txandatik txandara aldaketa handiak sortarazteko arriskua handitzen du. Igandeko XIX Sestaoko Udala Bandera, berriz, eguerdiko 12.10etatik aurrera hastekoa dena, marea beherantz dela izango da, eta horrez gain koefiziente altua espero zaie. Bada, marea bizi askoak izango dituztela dirudi traineruek.

Halako berdintasuna dagoela sailkapenean; Santurtzi da liderra 114 puntuz, baina Orio bost puntura baizik ez dago eta, aldiz, Hondarribia eta Urdaibai zazpina puntura; ez da asko aurreko asteburuetako emaitzei so eginez.

Bestetik, Kaiku hondoa jota dagoela dirudi, 14 puntuko aldea gainditu behar baitute Sestaokoek gutxienez hamaikagarren postura iritsiko badira. Ez dirudi «Bizkaitarra» ontziak zeregin handirik duenik falta zaizkion lau estropada hauetarako. Aldiz, hamaikagarren postua saihesteko lanetan ez da bakerik izango. Ares litzateke uneotan Eusko Label Ligako azkenaureko sailkatua, 47 punturekin, baina Zarautz puntuetara berdinduta dago eta estropada batetik bestera sekulako gorabeherak erakusten ari dira traineru biak.

Bestetik, Ondarroa eta Isuntza ere ez daude lo hartzeko moduan. Ondarroak 49 puntu ditu eta azken aldion Zarautz eta Aresen atzetik amaitu izan du. Antzekoa esan liteke Lekeitioko traineruagatik ere; bigarren txandan arituagatik, 50 puntu dauzka eta bere aurkari zuzenak aurreneko txandako traineruak dira. Joan den asteburuan ez zuen emaitza onegirik atera Zarautzen eta inertzia txar hori eten ezean, larrutik ordaindu lezake Isuntzak. Errekako sorginek izango dute azken hitza, arraunlariekin batera.

Algortako portu zaharrean hitzordua

KAE 1 eta 2 Ligak zein ETE Ligak Algortako zaharrean izango dute hitzordua larunbat arratsaldean. KAE 2koek ekingo diete hasteko, 17.00etan, ordubete geroago ETE Ligako emakumeek egingo dute arraunean eta, azkenik, «zilarrezko dibisioko» KAE 1ekoek ekingo diote amaitzeko, 19.00etan hasita.

ETE Ligako Tolosaldea da lehiaketa hauetan guztietan garaipena eta mailaz igotzeko kanporaketak gertuen dituena. Pedreña eta Castro nahiko eroso doaz ere aurreneko postuan KAE 1 eta 2 Ligan, hurrenez hurren. Hala ere, liderrekin batera mailaz igotzeko playoffetarako izango da nahikoa eztabaida. Bai Algortan larunbatean, baita igande arratsaldean Erandion ere. Besterik ezean, asteburu argigarria izateko traza dauka honako honek.