NAIZ
BILBO

‘Zinemakumeak Gara!’ emakumeek zuzendutako zinema zikloak 25 urte beteko ditu urrian

Hogeita bost urte igaro dira ‘Zinemagileak Gara!’ emakumeek zuzendutako zinema zikloa abiatu zenetik. Urteurrena bere ibilbidea errepasatuko duen edizio batekin ospatuko dute Bilbon, urriaren 5etik 14ra bitartean.

Jaione Cambordak zuzendutako ‘Arima’ ikusi ahal izango da. (NAIZ)
Jaione Cambordak zuzendutako ‘Arima’ ikusi ahal izango da. (NAIZ)

Emakumeek zuzendutako zinema zikloak hogeita bost urte beteko ditu aurten eta ‘Zinemagileak Gara!’-k 1996. urtean abiatu eta gaur arte osatu duen ibilbidea errepasatuko du edizio berrian. Urrian izango da, 5etik 14ra, eta Bilboko hiru guneetan eskainiko dira emanaldiak eta mahai inguruak: Bilborock, Campos Elíseos antzokia eta Alhondegiko auditoriumean.

Inaugurazio saioa Bilborocken izango da, urriaren 5ean, eta bertan zikloaren lehen edizioko lehen emanaldia eskainiko da, ‘Los Goikoetxea’. Beatriz de la Vegak zuzendua, euskal zinemak izan zuen garai emankorrenaren kronika da. Saioa ‘Cortos en femenino’ eta mahai inguru baten hitzaurrea izango da. Norma Vila (zuzendaria), Amara Mosteiro (ECCBI) eta Esther Cabero (Kimuak) gaur egun laburmetraiaren munduan emakumeak duen paperaz mintzatuko dira.

Biharamunean, hilaren 6an, ‘River of Grass’ (Kelly Reichardt) eta ‘Arima’ (Jaione Camborda) lanak ikusi ahal izango dira. Gaur egindako aurkezpenean adierazi dutenez, euskal zuzendaria bertan izango da. Urriaren 7an ikusi ahal izango da programazioak bildu dituen izenburu esanguratsuenetako bat: ‘Wanda’ (Barbara Loden), zinema amerika independentean gakoa izan den izenburua.

Programazioa osatzen dute ‘Daughters of the Dust’ (Julie Dash) eta ‘La isla de las mentiras’ (Paula Cons) bezAlako lanen emanaldiek, eta mahainguruek, hala nola urriaren 13an Ana Carrasco filosofoak, Edurne Portela idazleak eta Laura Casielles kazetari eta poetak eskainiko dutena. ‘Eraiki al daitezke beste etorkizun batzuk kulturatik?’, izango da abiapuntua hausnarketa eta eztabaidarako.

Edizioari amaiera Alhondegian emango zaio, urriaren 14ean. Lehendabizi ‘Zinemagileak gara!’ zikloaren 25 urteen bueltan egindako dokumental bat eskainiko da eta, ondoren, ‘My Mexican Bretzel’ lana ikusi ahal izango da. Nuria Gimenez Lorangek zuzendua, denboraldiko pelikula harrigarrienetakoa bezela iragarri dute. Zuzendariak berak ondorengo mahai inguruan hartuko du parte.