NAIZ

Puigdemont, Torrarekin Perpinyàn ostiralean; Felipe Borboikoa eta Sanchez, Bartzelonan

Martxoan jada zapaldu zuen Ipar Kataluniako hiriburua eta ostiral honetan han egongo da berriz Carles Puigdemont, Quim Torrari elkartasuna helarazteko asmoz. Espainiar erregea eta presidentea Bartzelonan izango dira aldi berean.

Puigdemont, martxoan Perpinyàn; ostiralean Kataluniako lurra zapalduko du berriz. (Lluís GENÉ | AFP)
Puigdemont, martxoan Perpinyàn; ostiralean Kataluniako lurra zapalduko du berriz. (Lluís GENÉ | AFP)

Espainiar mandatari nagusiek Bartzelonara egingo duten bisitari «kontraprogramazio» indartsu batez erantzungo diote ostiral honetan Carles Puigdemont eta Quim Torra Kataluniako president errepresaliatuek.

Jakina denez, Felipe Borboikoa erregea eta Pedro Sanchez gobernuburua batera agertuko dira Principat-aren hiriburuan, duela bi aste Zarzuela eta Moncloaren artean izandako tirabirak gaindituz eta behin Torraren aurkako epaia emanda. Enpresaburuen ekitaldi batean hartuko dute parte eta zenbait protesta iragartzen ari da.

Espainiar auzitegiek kargugabetutako Quim Torra ez da bertan egongo, jakina. Baina gainera Ipar Kataluniako hiriburu den Perpinyàn agerraldia iragarri du eta hor lagun izango du Carles Puigdemont, espainiar jazarpena dela-eta 2017. urtetik atzerrian den Generalitateko presidentea. Biekin batera, aurretik ere kargu bera izan zuen Artur Mas iragarria dago.

Agerraldian Torraren aurkako epaia salatuko dute, dena soka berean doala irudikatuz. Egun hauetan Kataluniako hedabideek nabarmendu dutenez, president guztien artean bi baino ez dira errepresaliatuak izan kargua izan bitartean edo gero: PSCko biak ziren, Jose Montilla eta Pasqual Maragall hain zuzen ere.

Asteazken honetan Torra kargugabetu duen epaia Europako Legebiltzarreko egoitzaren aurrean salatu dute hamabost eurodiputatu inguruk, herrialde eta talde politiko ezberdinetakoak. Honela azaldu eta eskertu du Toni Cominek, atzerrian den consellerretako batek.