NAIZ

Turkiaren eta Iranen dronak Kurdistango «tiro-zelaian»

Kurduen aurkako gerra laborategi militarra bihurtu dute Turkiak eta Iranek. Inguru menditsuetan, ohiko artileriaren ordez dronak erabiltzen ari dira. Erasotzaileen arriskuak gutxitu bai, baina erasoak areagotzearekin biktimen kopurua igo da eta herri asko hustu dira.

Bayraktar TB2 izeneko dron turkiarrak, Ipar Txipreko base militar batean. (Birol BEBEK | AFP)
Bayraktar TB2 izeneko dron turkiarrak, Ipar Txipreko base militar batean. (Birol BEBEK | AFP)

Ankarak eta Teheranek Kurdistango mendietan kurduen aurka droneen erabiltzea iraultza «militarra» dela diote adituek. Lurrean «iraultza» inpernua da, eta herritarrak ihes egiten ari dira.

«Egunero dronak ikusten ditugu, hain behean begiekin bereizten direla», dio Mohammed Hassanek, Qandilgo alkateak, Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) gotorleku nagusi honetan.

PKK, Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoa bezala (PDK-I), Irakeko Kurdistan autonomoan babestu dira, bertako Gobernuak Ankararekin harremanak dituen arren.

Turkia eta Iranentzat talde «terroristak» dira, eta kosta ahala kosta suntsitu nahi dituzte.

2018az geroztik, artilleriako tiroen ordez, Irakeko bi auzokideek dronak erabiltzea nahiago dute lurralde gorabeheratsuetan oinez edo «pick-up» ibilgailuetan mugitzen den etsaiari erasotzeko. Ankarak ekainean egin zuen «Tigrearen atzaparrak» operazioak argi utzi zuen aldaketa hori.

Ekintzaile kurduek diotenez, erasoak hain sarritan ematen ziren, dozenaka herrixka hustu egin direla eta biztanleek alde egin behar izan dute. Halaber, Estatu Islamikoaren (ISIS) erasoek ihes egitera behartu zituzten milaka yazidiak ez dira etxera itzuli PKKren aurkako erasoen beldur. Yazidiak Sinjar mendien ingurua dute jaioterri eta eskualde horretan jo dute dron turkiarrek. Haietako asko PKK-ko gerrilak irekitako ihesbideari esker ISISetik alde egin ahal izan zuten.

Iraultza militarra

Nicholas Heras «Institutut for the Study of War»eko adituaren ustez, «droneen iraultzari esker lortzen ari da Turkia PKKri gerra irabaztea». Helburuak lokalizatu, identifikatu eta ezabatzen dituzte minutu gutxitan.

Are gehiago, gehitzen du Sibel Duz aditu turkiarrak: «Turkiaren erasoaldia merketu egin da». F-16 amerikarrak bertan egindako  droneekin ordezkatu ditu, Bayraktar TB2ak bezala, eta horrek hiru abantaila ditu: zaintza tresna hobeak, 24 orduko hegaldi autonomia, eta aparatuak galtzen direnean, merke eta samur ordezkatzen dira», azaltzen du.

PKK-k zazpi aparatu turkiarrak bota zituen, bere bozeramaile Zagros Hiwak aldarrikatu duenez. Baina aldi berean onartzen du turkiar dronen erabileraklurreko operazioekin batera, aldatu egin duela egoera.

Turkiarrek «Irak barruan 15 km-ra arteko erasoaldiak egin dituzte» eta «postu militar berriak ezarri dituzte eskualdean», de facto «esparru-tapoi» bat mugan sortuz.  Behatzaile estatubatuar batek onartu duenez, Washingtonek Irakeko iparraldera ezkutuan bidali dituen indar bereziek ere atzeman dute Turkiako dronen erasoen «maiztasuna eta intentsitatea» areagotu egin dela.

Estatu  Batuak, kezkatuta

«Turkiarrak Estatu Batuetako posizioen gainetik pasatzen dira aparatu militarrekin. Erabat onartezina da hori», gaineratzen du.

Iran, bere aldetik, kamera zuten hegazkinak erabiltzen zituen duela 40 urte Sadddam Husseinen aurkako gerran.

Gaur egun, bere droneak, Mohajer-6 eta Shahed-129, zelatu eta eraso egiten dute, eta lurrean dauden artileroei lagundu egiten diete, jaurtiketen prezisioa areagotuz, Iranen droneen ardura duen Akbar Karimloo koronelak hedabide bati eman dion ezohiko elkarrizketa batean azaldu duenez.  

Iranek Iraken bidaltzen dituen droneen erabilera beste leku batzuetan baino «sofistikatuagoa» da, Foreign Policy Research Institute erakundeko Adam Rawnsleyk berretsi duenez.

Irak eta Kurdistan autonomoa ofizialki isilik daude, lehenak turkiar dronen erasotan dagoeneko bi buru militarrak galdu dituen arren, eta bigarrenaren kasuan erasoak kurduen aurkakoak diren arren. Baina, anonimatuak babestua, arduradunek aitortzen dute ez dutela Ankarari presio egiteko modurik. «Iraken arazoa da potentzia garrantzitsuagoek erabiltzen dutela tiro postu bat bezala», laburbiltzen du Rawnsleyek.

Eta lurrean biktima zibilak pilatu egiten dira. Inork ezin du kopuru fidagarririk eman, deitoratzen du PAX GKEaren Wim Zwijnenburg herbeheretarrak.

Droneek inguru menditsuen gainetik hegan egin dezaketenez, kazetariak, giza eskubideen ikertzaileak eta bertako arduradunak iristerik ez duten bazterretan hiltzen dute jendea, gerra mota hau are ilunagoa eginez.