NAIZ

‘Azal berritzen’ diskoko bigarren singlea aurkeztu dute Esti eta Mikel Markezek

‘Bila nazazu’ du izena Esti eta Mikel Markezek eskuartean duten ‘Azal berritzen’ disko berriko bigarren aurkezpen kantuak. Toti Martinez de Lezeak jarri dizkio hitzak behinola galdutako maitasunaz diharduen abestiari.

Esti eta Mikel Markez, ‘Azal berritzen’ diskoan lagun izan dituzten musikariekin. (NAIZ)
Esti eta Mikel Markez, ‘Azal berritzen’ diskoan lagun izan dituzten musikariekin. (NAIZ)

Esti eta Mikel Markez-ek ‘Azal berritzen’ diskoko bigarren aurkezpen kantua eman dute argitara, ‘Bila nazazu’, behinola galdutako maiteaz diharduen eta etorkizunari baikortasunez begiratzen dion kantua. «Bila nazazu, bila nazazu, bila nazazu txoriak bere habia nola / ametsei eutsi, ametsei eutsi, ametsei eutsi ez ditzagun gal inola», dio kantuak errepikan. Kantuaren hitzak Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak osatu ditu eta musika, aldiz, Mikel Markezek.

Aurkeztu berri duten kantua ‘Azal berritzen’ diskoko bigarren aurrerapen kantua da, Markez aita-alabek elkarrekin osatu duten lehen diskoa. Lanaren grabazioa amaitu berritan aurkeztu zuten lehen aurrerapen kantua, ‘Oroitzapenek esnatu naute’, kasu honetan alabaren ahotsean. Urrun dagoen adiskideari eskainitako kantua da ‘Oroitzapenek esnatu naute’ eta, kasu honetan, bai hitzak eta bai musika, Esti Markezenak dira.

Esti Markez 2015ean igo zen lehen aldiz eszenatokira, aitak Aian eman zuen kontzertu batean. Lau urte beranduago Mikel Markezen ‘Biribilean’ diskoan ere ahotsa jarri zuen eta, geroztik, hainbat grabaketa egin dituzte elkarrekin, ‘Aurrera Altsasu’ abestia esaterako, baina ‘Azal berritzen’ izango da aiar gaztearen lehen diskoa.

Ondo bidean, ‘Azal berritzen’ diskoa azaroaren 20an aurkeztuko dute Markez aita-alabek, Bilboko Biran.