NAIZ

Eskubide Sozialen Europako Gutuna berresteko EH Bilduren egitasmoa babestu du Kongresuak

1996ko Eskubide Sozialen Europako Karta berresteko asmoz EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena onartu du Kongresuak. Helburua «politika soziala eta premia gehien dutenen eskubidea defendatzea» dela azaldu du Mertxe Aizpuruak.

Mertxe Aizpurua, EH Bilduko bozeramailea, espainiar kongresuan. (EH Bildu)
Mertxe Aizpurua, EH Bilduko bozeramailea, espainiar kongresuan. (EH Bildu)

Espainiar Gobernuari Europako Gutun Soziala berretsi dezala eskatzeko, legez besteko proposamena onartu du asteazken honetan Diputatuen Kongresuak EH Bilduk bultzatuta, «herritarren eskubide sozialak babestu eta blindatzeko helburuarekin».

Proposamenaren aurkezpenean, Mertxa Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak Gutun Soziala defendatzea «politika soziala eta premia gehien dutenen eskubidea defendatzea» dela adierazi du, eta Eskubide Sozialen Europako Gutuna «bere momentuan berretsi balitz» PPren lan erreformaren «arlo kaltegarrienak» ez liratekeela aplikatuko azaldu du, «zuzenbidearen aurkakoak direlako».

Gainera, adineko pertsonei gutxieneko pentsio duinak bermatzeko eta bizitza duinak ziurtatzeko «ezinbesteko erreminta» dela nabarmendu du. «Oso garrantzitsua da lehenbailehen egitea, denbora gehiegi daramatelako exijitzen. Haien aldarrikapenak entzun eta gauzatzeko ordua iritsi da. Duintasuna zor diegu», gehitu du Aizpuruak.

Horretaz gain, gutuna berretsita lan baldintza «duin eta justuetan» lan egiteko eskubidea bermatuko litzatekeela eta pobreziari eta bazterketa sozialari aurre egiteko pausoak emango liratekeela adierazi du koalizio subiranistako bozeramaileak. «Etxebizitza eskubidea betetzea, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak errespetatzea eta aukera berdintasuna defendatzea ekarriko luke. Baita haur, nerabe eta gazteen eskubideak babestea ere. Babes soziala ziurtatuko lieke milaka pertsona, familia eta adinekoei», zehaztu du.

24 urte berretsi gabe

Espainiar Estatuak 1980. urtean berretsi zuen Europako Gutun Sozialaren lehen bertsioa, baina oraindik ez du bere egin 1996an adostutako eguneratzea. Horren ondorioz, EH Bilduk azaldu duenez, 24 urteren ondoren, Europako Gutun Sozialak jasotzen dituen giza eskubideak gaur-gaurkoz ez daude indarrean Espainiar Estatuan, eta hori «ulertezina dela» azpimarratu du Aizpuruak.

«Nazioarteko betebeharrak onartzea, itun aurreratuenak berretsiz, Estatuek giza eskubideekiko eta berme demokratikoekiko duten konpromisoaren adierazle ona da. 1996ko Europako Karta Soziala berretsi ez izanak agerian uzten du Estatuak demokraziarekiko eta giza eskubideen errespetuarekiko duen konpromiso eskasa», ohartarazi du EH Bilduko bozeramaileak.

Eskubide Sozialen Europako Gutuna berresteko EH Bilduren egitasmoa gaur eguerdian eztabaidatu da Kongresuko Eskubide Sozialen Batzordean, eta PSOE, Unidas Podemos, ERC eta EAJren alderdien sostengua jaso du: 22 diputatuk bozkatu dute alde eta 14k, kontra.