Dabid Lazkanoiturburu

Ultimatuma agortzear, Tigrayko hiriburua du jomugan Etiopiako Armadak

Gaur amaitzen da Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak armak uzteko Tigrayko agintari matxinoei igandean eman zien 72 orduko ultimatuma. Armada prest dago Mekele lurraldeko hiriburuari erasotzeko. Gudaren amildegitik behera, beti bezala, zibilak dira lehen biktimak.

Etiopiako Armadaren kamioiak atzean utzi du bazterrean zegoen tanke bat Tigrayn. (Eduardo SOTERAS/AFP)
Etiopiako Armadaren kamioiak atzean utzi du bazterrean zegoen tanke bat Tigrayn. (Eduardo SOTERAS/AFP)

Bitartekari lanak bultzatzeko eta Tigrayko zibilak babesteko deialdiak gero eta ugariak dira Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak errenditzeko Eritrearekin eta Sudanekin muga egiten duen Tigray lurraldeko agintariei eman zien ultimatuma betetzen ari den honetan.

Etiopiako Armadaren esanetan, Tigray Herriaren Askapenerako Frontearen (TPLF) aurka azaroaren 4an hasi zen operazio militarra «fase erabakigarrienean» sartu da.

Botere Federala prest legoke, hainbat frontetan aurrera egin ondoren, Tigrayko Mekele hiriburua jomugan gudarik garrantzitsuenari ekiteko, TPLFko agintariak suntsitu eta Addis Abebaren kontrolpeko administrazio berria eraikitzeko.

Igande arratsaldean, Abyk 72 orduko ultimatuma eman zien matxinoei. Tigrayko presidentea den TPLFko buruzagi Debretsion Gebremichael-ek argi eta hitz gutxikin erantzun zion: «Gu printzipioak dituen herria gara eta bizia emateko prest gaude».

Mekelek gutxienez 500.000 biztanle ditu eta nazioarteko komunitatea eta batez ere giza eskubideen aldeko erakundeak beldur dira dagoeneko ihes egin duen jende kopurua handitu egingo dela.

Jada 40.000 herritar ihes egin dute Sudanera. Hori gutxi balitz, Eritreatik ihes egin zuten 100.000 errefuxiatu daude Tigrayn eta hauen zorteak ere kezka handia sortzen du gerra baten erdian.

Amnesty Internationalek dei egin die alde guztiei zibilei erasotzea gerrako krimena dela gogora ekarriz.

TPLFren sarraskia

Zentzu horretan, erakunde horrek aurreko astean salatu zuen sarraskian hildakoen kopurua 600dik gorakoa dela jakin da azken egunetan. Sarraskia Tigrayko Maikadra herrian gertatu zen baina ez zuen Etiopiako Armadak egin, TPLFak berak baizik, Samri Frontearen gazte erakundeak hain zuzen ere. Hori bai, bertako Poliziaren babesarekin.

Etiopiako Armada gerturatzen ari zela Poliziak 45.000 biztanle dituen herria itxi zuen eta makilekin, labanekin eta aizkorekin sekulako triskantza egin zuen tigraytarrak ez ziren amharas eta wolkaits tribuetako herritarren artean.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen aldeko komisario nagusiak, Michelle Bacheletek, bi aldeek erabiltzen duten «erretorika izugarri erasokorra dela-eta» ikaratuta agertu da eta «nazioarteko giza eskubideen haustura berrien aurrean egon gaitezkeela» ohartarazi du politikari txiletarrak.

Asteartean Tigrayko gerrari buruz lehen aldiz eztabaidatzeko biltzekoa zen NBEren Segurtasun Kontseilua, Hegoafrikak hala eskatuta. Hala ere,  Cyril Ramaphosa presidente hegoafrikarra buru den Batasun Afrikarrak (BA) denbora gehiago eskatu du bitartekaritza lanak egiteko.

Addis Abeban egoitza duen BAk bitartekari bereziak izendatu ditu: Mozambikeko presidentea, Joaquim Chissano; Liberiakoa, Ellen Johnson-Sirleaf; eta Hegoafrikakoa, Kgalema Motlanthe.

Negoziatzeko asmorik ez

Astelehenean, ordea, Tigrayko Gobernuaren krisi-zelularen bozeramaileak, Redwan Husseinek, negoziatzeari uko egin dio, «agintari afrikarrei zor diegun errespetuagatik beraiekin hitzegiteko prest baldin bagaude ere». Etiopiako Gobernuak ere uko egin dio akordio bat bilatzeari.

Bestalde, oso zaila da bertan gertatzen ari denari buruz berri fidagarririk lortzea, gatazka hasi zenetik Tigray guztiz isolatua dagoelako. Liskarretan hildakoak ehunka direla jakina da, baina ez dago kopurua zehazterik.

TPLFk  Etiopiako Armadako bataloi oso bat suntsitu zuela aldarrikatu zuen astelehenean. Bitartean, Amhara ondoko eskualdeko hiriburura, Bahir Darrera, koheteak jaurti zituela iragarri zuen. Amharako miliziek Armada federalarekin bat egin dute Tigrayren kontra.

Addis Abebak ziurtatu duenez, ultimatuma agortzear dagoen une honetan hainbat tigraitar borrokalarik eta indar espezialek amore eman dute.