‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poesia liburuarekin itxi du triptikoa Miren Agur Meabek

‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poesia liburua idatzi du Miren Agur Meabek, ‘Kristalezko begi bat’ eta ‘Hezurren erretura’ aurreko bi lanekin erabateko lotura duena. Bizitza nola kudeatu da funtsean dagoena. Sei atalen bidez, bidaia sakona proposatzen du.

Miren Agur Meabe poesiara itzuli da ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ lanarekin. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Miren Agur Meabe poesiara itzuli da ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ lanarekin. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

Gaur sortutako lana izanik ere, ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ (Susa) poesia liburuak erabateko lotura du iraganean egin dituen liburuekin. Miren Agur Meabek ez dio egindakoari bizkarra eman, kontrara, ezin izan du aurreko haietatik askatu. Eta horregatik egilearen lan berriaz mintzatzeko, ezinbestekoa suertatzen da aldez aurretik egindakoak aipatzea.

Bitxia da, baina kronologiak zenbaki borobilak itzultzen ditu. 2000. urtean argitaratu zuen baita ere Susa argitaletxearekin ‘Azalaren kodea’ poesia liburua, eta hamar urte beranduago ailegatu zen ‘Bitsa eskuetan’, genero berean landutakoa. Beste hamar urte pasata iritsi da astelehen honetan aurkeztu duen izenburua. Poesiaz ari gara orain ere. «Bada liburu bat aurreko liburuekin lotutakoa, eta ibilbide moduko bat dago: azala, eskuak, begiak, hezurrak, kolkoa. Baina errautsak ere izan daitezke, ez dago argi. Irakurketa biak posible dira, eta esango nuke indefinizio horrek beste asmo literario batzuetarako saltoa ere markatzen duela. Liburuan elkarrizketa bat dago aurreko poema liburuekin», adierazi du Leire Lopez Ziluaga editoreak.

Izenburu berriak aurreko bi lan horiekin dituen harremanak estuak badira ere, are estuagoak dira, lekeitiarrak adierazi duenez, ‘Kristalezko begi bat’ (2013) eta ‘Hezurren erretura’ (2019) izenburuekin. Lehenengoa nobelaren generoan egin zuen, bigarrena narrazioan, ipuinekin. Eskola egunetako oroitzapenak daude, palmondoa, iratzartze sexuala, kristalezko begia, ama, zahartzarorako bidea, maite-lagunaren galera, katua, abandonua…

Ibilbidea memoriaren kutxan abiatzen da, album batean. Gero eramango gaitu genealogia femeninoetara (fikziozkoak zein hezur haragizkoak diren emakumeengana hurbilduz), errealitatearen bidaiaren alegoriara, indarkeria, zapalkuntza, eta horien gaineko ardura pertsonaletara gero… dolua eta heriotza datoz ondoren eta amaitzeko literaturaren gaineko poesia jasotzen du. «Liburua bada, beraz, izenburuko galderari ikuspuntu ezberdinetatik heltzeko saiakera bat», esan du Ziluagak.

Bidaia sakona

Liburuak bere ibilbidean duen kokapenaz hitz egiten duela aitortu du Meabek berak. Eta berak ere atzera begiratu du. Zehazki, ‘Kristalezko begi bat’ lan hartara. Orduan, idazketa baratzea lantzearekin alderatu zuen, eta bertan erretzen ziren belarrez. Sasien erretze hori izan zen ondoren etorri zena, ‘Hezurren erretura’. Triptikoa azaleratu da berriro. «Zerbait egin beharra dago su metak utzitako errautsekin. Maila praktikoan lurra ongarritzeko da, baina maila metaforikoan sormena elikatzeko baliatu ditut. Ondorioz sortu da liburu hau. Lehenago izan bazena eta orain ez dena, edo beste zerbait dena onartzeko ariketa bat da –esan du–. Urteen joanak eta esperientziek sendotu egiten dituzte onarpenaren oinarriak. Horregatik, ‘nola gorde errautsak kolkoan’ esatea edo ‘bizitza kudeatu’ esatea gauza bera da».

Hiru obrek osatzen ei dute triptikoa. Hiru hegal, denak jasotzean izaki bakarrean bihurtu eta batak bestea babesten duena. Osotasun bat sortzen dute. Hiru lanen artean badago lotura edukiaren aldetik, baina hots, ez forma aldetik. Nobela, narrazioa, poesia. «Hiru teknika baliatu ditut mamia pintatzeko», adierazi du.

Sei ataletan lehenak Meaberen memorian arakatzen du. Atal «autokostunbrista» bat dela esan du, irribarrez, zehazki zer den jakin gabe. Baina pistak eman ditu: «Badu pintoreskismo puntu bat, txikitako nire folklore pertsonala jasotzen du, paisaiak, jolasak, eskola eta heziketa, familia ereduak, lilurak, ametsak… baina horiekin uztartuta dator denboraren posua, ikasbideen balantzea eta zahartzearen esperientzia». Oroimenaren pieza solteak batzeak dituen zailtasunak ere aipatu ditu, eta denak jasotzea, oroitzapenak izoztea ezinezkoa dela.

Proposatzen duen bidaia sakonean zehar topatuko ditu irakurleak hainbat emakume. Lucy Westerna Drakularen amorantea, Wendy Peter Panen laguna, izenik ez duen Yemengo neskatila bat, Ama Birjina, Scheherezade, Bronte ahizpak… batzuk Meaberen alter egoa izango dira, besteak bere solaskideak edo mezu jasotzaile soilak. Denak txirikordatuz mintzatuko zaigu ahizpatasunaz, parasitismo sentimentalaren arbuioaz, independentzia emozionalaz, herri kultura eta bakegintzaz, sormenaz bizitzaren justifikazio gisa, erlijioaz biktimario bezala, bete beharren kontzientziaz, amodio erromantikoaren kritikaz, ama alaben arteko zaintzaz…

Atal sozialak eta heriotzaren dolua, eta poesiaren gainean egindako poesiak osatzen dute gainontzeko mamia. Aniztasun formala duela aurreratu du, poema batzuk postalak direlako, asko prosan idatziak daudelako, badaudelako koplak eta haikuak, eta errimak ohi baino markatuagoak sortu dituelako. Batzuetan edukia ponpoxatzeko erabili ditu eta besteetan edukia eusteko. Eta sinbologiaz, zer? Miren Agur Meabek ohiko figuretara jo du: tximeletak, txoriak, katua, palmondoa…

Triptikoa ia ziur itxitzat eman duen arren, utzi du esperantza izpi bat. «Badakizue triptiko batzuk ixten direnean azalean beste irudi bat sortzen dutela…». Badu buruan «asmo bat», aitortu du, baina momentuz «premia» ei du «niarengandik urruntzeko».