Maddi Txintxurreta

Etxepare institutuak hamargarren urteurrena ospatu du munduratutako hamaika istoriorekin

Aulkiak izan dira Etxepare Euskal Institutuaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldiaren protagonistak, euskal sortzaile, artista, nahiz han-hemengo euskara ikasle eta irakasleek ordezkatuak.

Etxepare Euskal Institutuaren urteurrena kari egindako ekitaldiaren irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Etxepare Euskal Institutuaren urteurrena kari egindako ekitaldiaren irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Euskara eta euskal kultura nazioartean zabaltzeko helburuarekin sortu zen Etxepare Euskal Institutuak hamar urte bete ditu aurten eta ekitaldi bat antolatu du Donostiako Tabakaleran urteurrena ospatzeko.

Aulkiak izan dira ekitaldiko protagonistak; batzuk hutsak, koronabirusaren krisiak baldintzatuta, beste batzuk, hamaika zehazki, bete-beteak, euskal kulturgile zein atzerrikoen ordezkaritza txiki batek okupatutakoak.

Euskal zuzendari baten film bat Montrealen, euskaratik itzulitako liburu bana Mexikon eta Belgikan, Obabakoak antzezpena Madrilen; eta txaloak edo irakurketa intimoak, atzerrikoak; euskara ikasle bat Argentinan, beste bat Galizan, Linguae Vascorum Primitiae, institutuari izena ematen dion Bernat Etxepareren liburua, japonierara itzulita.

Gertakari hauen eta gehiagoren kontakizunak entzun dira ekitaldian, guztiak hamaika aulkiren bidez irudikatuta eta Sra. Polaroiskak zuzendutako ekitaldi performatibo batez lagunduta. Japoniako Sho Hagio eta Hiromi Yoshida itzultzaile eta euskara irakasleak, Argentinako Gabriela Mendia euskara irakasleak, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe idazleak, Isaac Xubin itzultzaile galizarrak, Kukai Dantzako Jon Mayak, Itziar Lazkano aktoreak, Oreka TX taldeko Igor Otxoak, Maider Lopez artistak eta Oskar Alegria zinemagileak bete dituzte aulkiok.

Asteazkenetik aurrera, Etxepare institutuaren webgunean entzungai izango dira hauen guztien testigantzak. Bestalde, jaso diren testigantzekin, Etxepare Institutuak ‘Kultura gureagoa da partekatzen dugunean’ lelopean kanpaina bat burutuko duela aurresan du, «gure hizkuntza, kultura eta sorkuntza partekatzearen eta ezagutaraztearen garrantzia azpimarratzeko asmoz».

Euskara mundura

Sortzaileei, protagonistei eman nahi izan die hitza Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Baina berak ere bazituen esatekoak. Ekitaldian agertu du erakundea euskal kulturaren «erreferentzia sendo» bilakatu dela Euskal Herrian nahiz atzerrian. «Duela hamar urte ez genekien oso ondo zer zen eta zertarako balio zuen hizkuntza eta kultura erakunde batek. Gaur normaltasunez eta buruz buru egiten dugu lan Europako beste institutuekin egitasmo anitzetan. Euskara, kultura, mundura», adierazi du.

«Etxean, gure sortzaile eta eragileei euskal kulturgintza kanpoan erakusteko laguntza eta elkarlana eskaintzen diegu. Kanpoan, batetik, euskararen eta euskal ikasketen irakaskuntza bermatzen dugu, munduko unibertsitateetan zein Euskal Etxeetan; bestetik, nazioarteko eragile eta kulturguneekin batera sare egonkorrak sortu ditugu, kanpotik euskal kulturari eta sorkuntzari so egiteko leihoak zabalduz eta elikatuz», adierazi du.

Larrazak nabarmendu du euskal kulturak munduari egiten dion ekarpena, «besteen maila berekoa izateaz gain, ordezkaezina» dela. Etxepare Euskal Institutuak egiten duen «zubi-lana» ezinbestekoa deritzo, «ezinezkoa delako ezagutzen ez den hori maitatzea», agertu du.

Urteurrenaren ospakizunean parte hartu du Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Etxepare Institutuko zuzendaritza kontseiluko lehendakariak. Nabarmendu du, euskara eta euskal kultura nazioartera zabaltzeko bidean lortu diren proiektu eta saretzeak nahiz EAE Europan erreferentziazko lurralde gisa kokatzea ez liratekeela lortuko «Etxepare Institutuaren hamar urteotako ekarpenik gabe».

Azken hamar urteetan egindakoari gainera, egiteko dauden proiektuei begira jarri dira Larraza eta Zupiria. Gogorarazi dute herrialde zehatz batzuekin joan-etorriko kultur egitasmo estrategikoak sortzen ari dela institutua, 2019an Eskoziarekin egin bezala. Hurrengo erronka, 2021ean, Quebec izango da.