Naiz

Zama Doinuz Arinduk seigarren edizioa izango du urtarrilaren 17an, internet bidez

Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena, Zetak, Skabidean, Anita Parker eta Brigade Loco bezalako izenek osatuko dute Zama Doinuz Arindu ekimenaren aurtengo kartela. Internet bidez jarraitu beharko da.

Zetak taldea Sanagustin Kulturguneko eszenatokian. (Jon URBE/FOKU)
Zetak taldea Sanagustin Kulturguneko eszenatokian. (Jon URBE/FOKU)

Urte hasierako elkartasun ekimena bihurtu da dagoeneko Etxarri Aranazen antolatu ohi duten Zama Doinuz Arindu ekimena. Aurten, osasun egoera dela-eta, ezingo da herriko kultur etxetik zuzenean jarraitu. Baina trabak gaindituta, internet bidez emitituko dute Etxarriko Sarek, senide eta lagunek antolatzen duten ekimena.

Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena, Zetak, Skabidean, Anita Parker eta Brigade Loco igoko dira oholtzara eta Xabier Silveirak, Spray-k eta Erlantzek ere parte hartuko dute. «Berriz ere Euskal Herriko abeslari ezagunek urtetako gatazkak oraindik gainean dugun zama arintzeko aukera emanen digute», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez.

«Nahiz eta bizi dugun egoera zaila den oso, aurrera egin nahi dugu ekimenarekin. Aurrera egin beharra daukagu aurten okerrera egin bait du preso eta senideen egoerak. Zama arintzeko beharra handia da», azpimarratu dute.

Euskal Herriko gatazkak «itxi gabeko ondorioak» dituela azpimarratu dute. «Kartzela politika anker honek giza eskubideak urratzen ditu. Konponbiderako denak gara giltza. Motxila horren zama, zentzu guztietan, arintzeko ariketa da Zama Doinuz Arindu kontzertu-ikuskizuna. Injustizia handi hau pertsona gutxi batzuen bizkarrean soilik erori ez dadin. Pisua denon artean eraman dezagun».

Euskal presoen urrunketarekin amaitzeko beharra nabarmendu dute «etxeratzeko, gero, falta diren guztiak». Bitartean, «zama arintzen segituko dugu» agertu dira irmo.

Sarrerak dagoeneko salgai daude 10 euroko prezioan. Etxarri Aranazko Xapatero eta Leku Ona tabernetan eskuratu daitezke, baita esteka honen bitartez ere.