NAIZ

Gazte gehienak 30-34 urte bitartean emantzipatzen dira EAEn

Gazteen Euskal Behatokiaren ‘Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-beharra Euskadin 2019’ txostenaren arabera gazte gehienak 30 urtetik aurrera emantzipatzen dira eta haien erdiak jabetzako etxebizitza batean bizi dira.

Gazte gehienenak erabilitako etxebizitzetan bizi dira. (Jon URBE/FOKU)
Gazte gehienenak erabilitako etxebizitzetan bizi dira. (Jon URBE/FOKU)

Gazteen Euskal Behatokiak asteazken honetan aurkeztutako ‘Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-beharra Euskadin 2019’ txostenaren arabera, herritar gehienak 30 eta 34 urte bitartean emantzipatzen dira. Zehazki, 25 urte bete aurretik, hau da, 18 eta 24 urte bitartekoen artean, gazteen %8,1 emantzipatuta daude, 25 eta 29 urte bitartekoen artean, ehunekoa %33,1era iristen da (hirutik bat), eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean gehiengoa dira emantzipatutako pertsonak, zehazki, %70,1.

Ikerketaren arabera, 30-34 urte artekoen artean, hamar lagunetik sei beren jabetzako etxebizitza batean emantzipatzen dira. Aldiz, hogeita hamar urtetik beherakoen artean, alokairuarena da formularik ohikoena (%64,9), eta hamarretik hiruk baino ez dute etxebizitza bat jabetzan.

18 eta 34 urte bitarteko gazte guztiak barne hartuta, emantzipatutako pertsonen erdiak (%50,2) jabetzako etxebizitza batean bizi dira. Zertxobait gutxiago dira alokairuan bizi direnak (%46,6). Gainerakoak erabiltzeko lagatako etxebizitzetan bizi dira (%3,3).

Emantzipatu gabeko gazteen artean nabarmendu behar da, 2015. urtearekin alderatuta, erostearen alde egingo luketen gazteen ehunekoak gora egin duela (%21,1etik %34,9ra). Aldiz, nabarmen jaitsi da erosteko aukera ematen duen alokairuaren formularen alde egingo luketenen ehunekoa (%21,1 2015ean eta % 3,9 2019an).

Etxebizitza mota

Emantzipatutako gazteak bizi diren etxebizitzak batez ere erabilitako etxebizitzak dira (%83), 42 urteko antzinatasuna eta 77 metro karratuko azalera dutenak, batez beste. Etxebizitza horietan, batez beste, 3 lagun bizi dira (2,9, zehazki; gehienak bikoteak, seme-alabekin edo gabe).

Baina behatokiaren txostenak erakusten duenez, adinak ere oztopatzen du eskuratzen den etxebizitza mota. Hala, 30-34 urte bitarteko pertsona emantzipatuen etxebizitzek, oro har, prestazio gehiago dituzte 30 urtetik beherako pertsona emantzipatuak bizi diren etxebizitzek baino.

Izan ere, 30-34 urte bitarteko pertsona emantzipatuen %74,8 igogailua duen etxebizitza batean bizi dira (30 urtetik beherako gazte emantzipatuen %69,6ren aldean), %49,9k trastelekua dutenetan (30 urtetik beherakoen %31,7ren aldean) eta %41,3k garajea dutenetan (30 urtetik beherako pertsona emantzipatuen artean, berriz, %19,9k baino ez dute garajea).

Emantzipatu gabeko gazteen etxebizitza-beharra

Txosten horri bide eman dion inkestan, emantzipatu gabeko hiru gaztetik batek adierazi du beharko lukeela etxebizitza. Etxebizitza-behar hori areagotu egiten da adinak gora egin ahala. Izan ere, 18 eta 24 urte bitartekoen artean, %19,5ek diote etxebizitza bat behar dutela; ehuneko hori 46,6ra igotzen da 25 eta 29 urte bitartekoen artean. 30 eta 34 urte bitartekoen artean, berriz, erdiak baino gehiagok (%52,9) diote etxebizitza bat eskuratu beharko luketela.

Bestalde, etxebizitza-beharra duten gazteen herenek uste dute bi urteko epean emantzipatzeko aukera izan dezaketela (%34,6). Adinean gora egin ahala, bi urteko epean etxebizitza eskuratzeko aukera dutela uste dutenen ehunekoa ere igo da: %24,2 18 eta 24 urte bitartekoen artean; %5,7, 25 eta 29 urte bitartekoen artean; eta ia erdiak, 30 eta 34 urte bitartekoen artean (%46,4).