Andres Osa "Sakona"

Euskal Herriko finalean harri handiekin neurtuko dituzte indarrak bost jasotzailek

Euskal Herriko harrijasotze txapelketa nagusia jokatuko da larunbatean Aian (18.00etan), harri handiekin. Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga eta Goenatxo III.a lehiatuko dira. Azken orduan, Julen Diazek bere parte hartzeari uko egin dio gaixo dagoelako.

Aimar Irigoien, Euskal Herriko harri handien txapelketan hamar aldiz gailendu den harrijasotzailea. (Jon URBE / FOKU)
Aimar Irigoien, Euskal Herriko harri handien txapelketan hamar aldiz gailendu den harrijasotzailea. (Jon URBE / FOKU)

Larunbat honetan Aian jokatuko da Euskal Herriko harrijasotze txapelketa nagusia. Harri handiekin lan egin beharko dute bost harrijasotzailek. Hasiera batean sei kirolari ziren lehiatzekoak final aldian baina azken orduan, Julen Diaz arabarrak bere parte hartzeari uko egin dio gaixo dagoelako.

Beraz, bost gipuzkoarrek neurtuko dituzte indarrak: Aimar Irigoien, hamar aldiz harria lepoan eta txapela buruan izan duena; Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga, eta Jon Unanue "Goenatxo III.a".

Txapela Gipuzkoan geratuko dela ziurtatuta eta faboritoak nortzuk izan daitezkeen alde batera utzita, ez da samurra izango txapela buruan jartzea. Lan exijentea da aipatu bost harrijasotzaileentzat. 125 kiloko bola, 150 kiloko kubikoa, 175ekoa zilindrikoa eta 175eko laukia altxatu beharko dituzte.

Harri bakoitzarekin 3 minutuko denbora izango dute eta kilo gehien jasotzen duena izango da txapelduna. Ikuskizun oso ona eskainiko dutela  aurreikusten da.

Gogorarazi behar da, Aian jokatuko den finala, pandemia egoerak behartuta, ikuslerik gabe izango dela.

Sokatira, Faduran

Herri kirolekin jarraituz, larunbatean bertan baina 17.00etan eta Fadurako zelaian, Euskal Herriko Goma Gaineko lauko (4x4) sokatira txapelketa jokatuko da.

Gizonezkoak 300 kilotan neurtuko dira eta emakumezkoak 240 kilotan. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, Lesakako Beti-Gazte, Ibarra, Txantrea, Antsoain eta Berriozarrek lehiatuko dira.

Ondategin, Urrezko Aizkolarien kopa

Igandean Ondategin (Zigoitia), eguerdiko 12:00etan jokatuko da Urrezko Kopako finalerdia; Eusko Label Saria alegia. Banakako ekitaldian lau aizkolari neurtuko dira: Txomin Amundarain, Oihan Larretxea, Luis Polanco eta Luis Txapartegi.

Bestalde aizkolari gazteen binakako txapelketa ere egingo da eta hiru bikotek  parte hartuko dute: Xaban Kañamares-Oier Larretxea, Ibai Soroa-Axel Larrañaga eta Unai Zabala-Markel  Zapirrain.

Emakumezkoetan, trontza ekitaldia egingo da eta bi bikote neurtuko dira: Ruth Linaza-Susana Sanchez eta Maider Etxezabal-Jone Elorzaren aurka.